Enplegua

Enpresen arabera egingo dira erregulazioak, ez sektoreka

Hori kontuan hartuko da gizarte segurantzaren kuotak zehazteko. Kopuruak-eta datozen bileretan adostuko dituzte. Espainiako Gobernuak dio «lege zailtasunak» daudela oraingo diru laguntzen zenbatekoei eusteko.

Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko Lan ministroa eta Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzakoa, patronaleko eta sindikatuetako ordezkariekin, Palman (Herrialde Katalanak) eginiko bileran. ATIENZA (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko irailaren 4a
13:36
Entzun

Enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat eskatzeko, enpresa bakoitzak COVID-19aren krisiak nola eragite dion justifikatu beharko du, eta horren araberakoak izango dira jasoko dituen laguntzak eta jarriko dizkioten baldintzak. Hori adostu dute Espainiako Gobernuak eta hango sindikatu eta patronal nagusiek, ostiral honetan eginiko bileran. Hori eta beste puntu batzuk zehazteko negoziazioak astelehenean hasiko dituzte.

Abuztu amaieran, 34.925 langile zeuden aldi baterako erregulazioan Hego Euskal Herrian. Krisiaren gorenean, 240.000 inguru zeuden.

Irail amaieran amaitzen da oraingo araudia. Aldi baterako erregulazioak luzatzeari buruz ados daude gobernua, sindikatuak eta patronalak, baina noiz arte ez dute aztertu lehenengo bileran. Sindikatuek eskatu dute COVID-19aren krisiak iraun bitartean mantendu behar direla; gobernuak eta patronalek ez dute gaia aipatu bileraren ondorengo prentsaurrekoan.

Hiru aldeak bat datoz gai batean: aldi baterako erregulazioak enpresen beharren arabera luzatu behar direla, eta ez modu orokortuan edo sektore eta eremu geografikoen arabera. Jakitun daude formula horrek hainbat oztopo dituela: adibidez, bereiztea «benetan» zer enpresak behar duen laguntza eta zeinek ez. Hori nola zehaztu aztertuko dute datozen bileretan. Patronalek «kontrol neurriak» zabaltzea proposatu dute.

Horrez gain, egun dauden erregulazio motei eustea eskatu dute sindikatuek eta patronalek, eta gobenuak begi onez hartu du. Bereziki, agerraldiengatiko erregulazioen kasuan. Horren arabera, orain arte erregulazioei uko egin dieten enpresek edo langile batzuk ala denak erregulaziotik atera zituztenek badute eskubidea egoera horretara bueltatzeko —ekainetik hala da, baina lehen araudian ezin zen halakorik eskatu—.

Egungo nominei eustea

Egun langile bakoitzak bere nominaren soldata oinarriaren %70 jasotzen du, muga batzuekin: hilean 1.412 euro gehienez. Baina sei hilabete igaro ondoren, %50 da oinarria. Langile asko urri hasieran egongo lirateke egoera horretan; zehazki, krisia hasi zenetik erregulazioan daudenak. Sindikatuentzat «ezinbestekoa» da %70eko oinarria mantentzea, eta patronalak ados agertu dira eskaera horrekin.

Gobernuak, baina, ez du argi ikusten, hori egiteko Rajoyren gobernuaren lan erreforma aldatu beharko litzatekeelako. Izan ere, laguntzak ez dira murrizten aldi baterako erregulazioetan bakarrik: langabezia saria jasotzen dutenei ere eragiten die.

Sindikatuek, halaber, aldi baterako kontratuen eta aldizkako langile finkoen arazoa konpontzeko beharra azpimarratu dute; izan ere, erregulazio batean egotearen ondorioz, ez dute kotizazio nahikorik, eta gizarte prestaziorik gabe geratzen dira. Subsidioen erregulazio berri bat eskatu dute horretarako, baita langabezia saria amaitu eta merkatuaren inguruabarrak direla-eta beste lan bat bilatzeko aukerarik ez dutenentzat ere.

Kotizazio ezberdinak

Astelehenean hasiko diren negoziazioen beste gakoetako bat izango da hori: erregulazioan dagoen langile bakoitzarengatik Gizarte Segurantzaren kotizazioan zenbat hartu behar duen bere gain estatuak eta zenbat haren enpresak. Hori ere enpresa bakoitzaren beharren arabera zehaztu nahi dute.

Orain, erregulazioei uko egin ez ziotenek badute eskubidea langile batzuk egoera horretara bueltatzeko. Hori bai, Gizarte Segurantzan egin beharreko kotizazioaren zati gero eta txikiagoa hartzen du bere gain estatuak, hilabeteek aurrera egin ahala. Aldi baterako erregulazioan ez zeuden enpresek %40 soilik ordaintzen dute lanera itzuli diren langileen truke, eta %65 lanik gabe jarraitzen dutenengatik. 50 langiletik gorakoetan, berriz, %60 eta %75, hurrenez hurren. Hori enpresa bakoitzaren egoerara nola egokitu aztertuko dute datozen bileretan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.