Etorkizun arrakastatsua izan nahi duten enpresei nazioartera irteteko aholkatu die Gipuzkoako Merkataritza Ganberak. Pedro Esnaola presidentearen hitzetan, «beste merkatu batzuetara jo beharko dute, baina beste ikuspegi batekin». Orain arteko erabilitakoak ez diela balioko ziurtatu du.
Gipuzkoa «bere ereduarekin» krisitik irteteko gai izan den arren, enpresen tamaina aurrera egiteko «oinarrizko» baldintza dela iritzi dio Esnaolak, are gehiago nazioarteko merkatuetara jo behar badute. «Enpresen bat-egiteak eta pentsaera aldaketa guztiz beharrezkoak izango dira».
Krisiak, iaz, Gipuzkoako barne produktu gordinean 661,4 milioi euroren galera eragin zuela azaldu du Esnaolak, prentsaren aurreran egindako agerraldian. Eta egoera antzekoa ei da Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren jardun eremu guztian. «Europako Batasuneko balantzeek hazkunde oso txikia islatzen dute». Aldiz, AEBetako, Hegoameriketako eta Asiako merkatuen egoera askoz hobea dela adierazi du Esnaolak. Baina, merkatu horietan apenas Gipuzkoako enpresarik dagoen. «Haiek ari dira emaitzarik onenak aurkezten; munduko ekonomiaren egungo motorrak dira».
Merkataritza Ganberaren irudiko, Gipuzkoako enpresak joko eremu berrira egokitu beharra dago. Eta erakundeak horretan lagundu nahi die. Horretarako, finantzaketa tresna berriak, prestakuntza, aldi baterako enpresen elkarteak osatzeko erraztasunaketa beste hainbat zerbitzu berritzaile eskainiko dizkietela azaldu du Esnaolak.
Enpresen bat-egiteak sustatuko ditu Gipuzkoako Ganberak
Enpresen tamaina beste merkatu batzuetara jotzeko «ezinbesteko baldintza» dela azaldu du Esnaola presidenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu