Envases multinazionalak Ugaoko plantako langileen erdiak kaleratu nahi ditu

Enpresaren jabe berriak 50 langileri eragingo liokeen erregulazio prozesua abiatu nahi du. Jakiak gordetzeko metalezko ontziak ekoizten dituzte.

Envases Universal
Envases Taldearen plantako ekoizpen kateetako bat. G. E.
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko otsailaren 29a
11:45
Entzun

Envases Universales jakiak gordetzeko metalezko ontziak ekoizten dituen multinazionalak Ugaon (Bizkaia) duen plantako lantaldearen erdia kaleratu nahi du. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, 108 langilek dihardute han, eta jabeek 50 kontratu eteteko lan erregulazio espedientea abiatu nahi dute. Langile batzordearen ustez (LAB, UGT eta USO), ez dago horrelako neurri bat hartzeko arrazoirik, eta deslokalizatzeko asmoa ikusten dute erabakiaren atzean.

Envases Taldea multinazional bat da, eta Mexikon du egoitza. Munduan elikagaientzako metalezko ontzi gehien ekoizten dutenetako bat da. Iragan uztailean Domiberia enpresa erosi zuen, 2015era arte Crown zena. Iazko urte amaieran hartu zuen haren kontrola, eta erregulazio espediente hau da hartu dituen lehen erabakietako bat. Azken hilabeteetan lan hitzarmen berria negoziatzen aritu dira.

Lantaldeak protesta ekintzak antolatu ditu erabakia salatzeko. Lanuztera deitu du martxoaren 7rako, eta egun horretan elkarretaratze bana egingo dute lantokiaren aurrean (10:00) eta Bilbon (Mazarredo kalea 9). Sindikatuek aurreratu dute ez dutela erabakia onartuko. Haien arabera, azken hilabeteetan ez da murriztu ekoizpena, eta haien susmoa da enpresak beste herrialde batzuetako lantokietara bideratu nahi duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.