Iruñeko Merkataritza arloko epaitegiko epaileak ebatzi du Grupo K Refrigeracion taldearen esku uztea Koxkaren kudeaketa. Irailaz geroztik hartzekodunen konkurtsoan zegoen enpresa, Gizarte Segurantzarekin duen zazpi milioi euroko zorrari aurre egin ezinda eta Eveac administratzaile judizialak bi eskaintza zituen eskuen artean, enpresa berriz abiarazteko: langile ohiena bat eta zuzendari ohietako batzuk osatzen duten taldearena. Bada, bigarrenaren alde egin du epaileak. Epaiak jasotzen duenez, bi eskaintzek erakusten dute "enpresan jarduera berriz martxan jartzeko interesa", baina nabarmendu du "erabakigarria" izan dela bi eskaintzen arteko alde ekonomikoa. Grupo K Refrigeracion-ek bi milioi euro eskaini ditu, eta 300.000 euro besteak.
K Taldearen eskaintzak jasotzen du Landabeneko eta Azkoieneko lantegiak berriro irekitzea. Are gehiago, kudeatzaile berrien asmoa da uztailerako martxan egotea bi lantegiak. Urtez urte, lanpostuak sortzen joatea jasotzen du proposamenak, 2019an 351 langile izatera iritsi arte.
Langileek begi onez ikusi dute epailearen erabakia, bi lantegiak martxan jartzea aurreikusten baitu. CCOO eta UGT sindikatuko ordezkarien arabera, kudeatzaileen apustua "sendoa" da, eta ez du zerikusirik aurreko jabeek izandako jarrera "espekulatzaileekin".