espainia

Epaileak kartzelara bidali du Diaz Ferran Espainiako patronaleko buruzagi ohia

Ondasunak ostentzea eta kapitalak zuritzea, bi delitu horiek leporatzen dizkiote. 30 milioi euroko bermea jarri dio Velasco epaileak.

2012ko abenduaren 5a
19:23
Entzun

Gerardo Diaz Ferran Espainiako patronaleko buruzagi ohia behin-behinean kartzelara bidali du Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak, ondasunak ostentzea eta kapitalak zuritzea leporatuta. Epailearen arabera, 30 milioi euroz jabetu zen. Beste horrenbesteko bermea jarri dio. Astelehenean atxilotu zuen Poliziak, Madrilgo haren etxean, eta Velascok gaur hartu du auzitegian. Soto del Real espetxean sartu dute.

150.000 euro eta kilo bat urre (43.000 euroko prezioa) aurkitu zituzten Diaz Ferranen etxean, eta milioi bat euro Angel de Cabo Marsans enpresaren oraingo jabearen bizilekuan. De Cabo eta beste zazpi lagun ere atxilotu zituzten. De Cabo gaur hartuko du epaileak.

Diaz Ferranek hainbat auzi irekita dauzka Auzitegi Nazionalean, bere enpresen porrotei lotutakoak guztiak. Otsailean hasiko da haren aurkako lehen epaiketa, Ogasunari dirua ezkutatzeagatik. Asteleheneko atxiloketa, berriz, Marsansen hartzekodunen salaketarekin dago lotuta. Meliak, Orizoniak, AC Hotelesek eta Pullmantourrek salatu dute Marsansek zor zizkien dozenaka milioi euro ezkutatu dituztela Diaz Ferranek eta haren bazkideek. Salaketak dio patronaleko buruak etxeak, itsasontziak eta Rolls Royce autoak ezkutatu dituela zorrak pagatzeko gai ez zela argudiatzeko.

Diaz Ferran CEOEko presidente izan zen 2007ko ekainetik 2010eko abendura. Patronaleko hauteskundeak aurreratu behar izan zituen, bere enpresak —Air Comet, Seguros Mercurio, Marsans bidaiak...— banan-banan erortzen hasi zirelako, pilatutako zorrei aurre egin ezinik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.