Ekonomia

Epaitegiek atzera bota dute TCSAk grebagatik sindikatuen aurka jarritako salaketa

Epaiaren arabera, enpresak ez du frogatu greba eskubidea gehiegikeriaz erabili denik. Bizkaibus eta Bilbobus kudeatzen dituen TCSA autobus konpainiak errekurritu egingo du.

2008ko ekainaren 27a
17:22
Entzun
Bilboko Gizarte epaitegiaren arabera, TCSA autobus konpainiaren enpresa batzordeak maiatzean deitutako greba ez da “gehiegizkoa” izan. Hori dela eta, atzera bota du enpresa zuzendaritzak jarritako salaketa.

Pasa den maiatzean greba egin zuten Bizkaibus eta Bilbobuseko langileek, eta horren harira, bi autobus horien kudeaketaz arduratzen den TCSA autobus konpainiak salaketa jarri zuen enpresa batzordearen, greba batzordearen eta sindikatuen aurka –CC.OO, UGT, ELA, LAB eta USO-, greba deialdia “gehiegizkoa” zela iritzita.

Epaiketa pasa den astelehenean egin zuten, eta epaia hurrengo egunean ebatzi zuten, baina gaur arte ez dute ezagun egin. Bertan azaltzen denez, Fernando Breñosa magistratuak uste du enpresak ez duela frogatu greba eskubidea “gehiegikeriaz edo neurriz kanpo” erabili denik, eta grebak enpresari “neurriz kanpoko eta nahita eragindako kalterik” sortzen dionik.

Epaiak dioenez, grebak kalteak eragiten dizkie bai enpresari eta langileei, eta baita herritarrei ere. Baina “sakrifizio horiek” Espainiako Konstituzioak ezartzen duen greba eskubidearen erabilpenaren barruan daude. Beraz, epaiaren arabera, “lanuzteek ez diote enpresari gehiegizko minik eragiten”.

TCSA ez dago epaiarekin ados, eta errekurritu egingo duela jakinarazi du. Enpresaren arabera, epaia “berandu eta denboraz kanpo” iritsi da.

Sabotajeen inguruan ez dute ezer ebatzi, zigor jurisdikzioari dagokion gaia delako, haien ustez.

Lan gatazka oraindik ez da amaitu. Bizkaibus eta Bilbobuseko langileek soldata igoera eskatzen dute, eta akordiorik lortu ezean uztailaren 4an, 5ean eta 6an greba egingo dutela jakinarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.