Rinder Industrialeko langileak pozik daude, Bilboko epaitegi batek atzera bota baitu enpresak aurkeztutako helegite bat. Rinder Industrialek enplegua erregulatzeko dosierra aurkeztu zuen Foruko lantegiko 70 langileentzat, martxoan —ordura arte beste bat egon zen indarrean—. Langileek, baina, auzitara jo zuten, eta arrazoia eman zieten, uztailean. Epaiak zioen enpresak "iruzur" egin zuela, eta enpresa dosierra bertan behera uztera behartu zuen. Enpresak helegitea aurkeztu zuen, eta, orain, Bilboko epaitegi batek ez du onartu, "gaizki eta berandu" aurkeztu duelako, langileen esanetan.
Langileek agerraldia egin dute gaur helegitearen kontrako epaia baloratzeko. Langileen esanetan, epaiak ez du egoera samurtuko eta gatazka ez da amaituko. Oraindik kobratzeko dituzte aparteko sari baten erdia, hilabete bateko soldata eta dosierrak iraun zuen 48 eguneko ordaina. Gaur egun, dosierraren garaian lan egin ez zuten orduak berreskuratzen ari dira. "Baina nola berreskuratuko ditugu kendu diguten guztia?", galdetu dute langileek. "Agortutako langabezia egunak, galdutako soldatak, kotizazioak... Berreskuratu behar ditugu". Borrokan jarraitzeko asmoa dute.
Rinder Industrialeko gatazka zaharra da. 2009ko uztailean Administrazioak atzera bota zuen enpresak aurkeztutako dosierra. 105 langileri kontratuak eteteko eta hausteko eskatu zuen. Hala ere, urrian eskaera onartu zioten. Aurtengo martxoan langileek salatu zuten enpresak lantegia "hiltzen utzi" zuela. Uztaileko epaiak onartu zuen Rinderrek lana eta baliabideak eraman zituela beste lantegi batzuetara. Rinder autogintzako enpresa da: argiteria eta seinaleztatze elementuak egiten ditu. Lantegiak ditu Gasteizen, Iruñean, Zamudion, Indian (hiru) eta Vietnamen.