ekonomia

Epe luzeko langabeentzako laguntza automatikoki berrituko da, Espainian langabezia tasa %20ra jaitsi arte

Prepara plana sei hilabetero berrituko da aurrerantzean. Diru laguntza guztiak bukatu zaizkien langabeei ematen zaien 400 euroko laguntza da. Ekimenaren alde bozkatu dute EAJ, PP, CiU, UPD eta Foro Asturiasek.

2013ko otsailaren 14a
17:47
Entzun

Espainiako Diputatuen Kongresuan Emilio Olabarria EAJren ordezkaria planaren alde agertu da: "Prepara-ren eta gizarte bazterketaren artean, 400 euroak aukeratzen ditugu". Gainera, begi onez hartu du plana automatikoki berritzearena. Dena den, uste du muga %20ko langabezia tasan jartzeak erakusten duela "lan erreformaren porrota".

Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak, berriz, salatu du 400 euroko laguntza ez dela iristen pobrezia maila bezala ezarritakoaren %70 estaltzera. "Laguntza lotsagarriak" direla iritzi dio.

Cuadrak gogorarazi du Espainian dauden sei milioi langabeetatik erdiak ez duela inolako gizarte laguntzarik, eta orain ezarritako baldintzekin soilik 200.000 lagunek jaso ahalko dutela. "Zer egingo duzu gainerako 2,8 milioi lagunekin?", galdetu dio Cuadrak Fatima Bañez Espainiako Lan ministroari.

Prepara planaren inguruko hainbat datu:

-Zer da: diru laguntza guztiak bukatu zaizkien langabeei sei hilabetez emandako laguntza.

-Baldintzak:
—Prestakuntza jasotzeko konpromisoa hartzea.
—Epe luzeko langabea izatea, enplegu zerbitzuetan izena emanda egotea azken hemezortzi hilabeteetatik gutxienez hamabitan.
—Familiako hainbat kide menpean izatea, eta familiako kide guztien errentak gehitu eta kide kopuruarekin zatitzean, hileroko banakako errentak 481 euroak ez gainditzea (lanbide arteko gutxieneko soldataren %75).
—Langabezia saria amaitu eta bi hilabete igaro aurretik laguntza eskatzea.
—Ez izatea beste laguntza bat jasotzeko eskubiderik.
—Aurretik ez jasotzea antzeko laguntzarik (aurreko Prepara plana, 426 euroko laguntza...)
—Laguntzak amaitu ondoren gutxienez 30 egunez lan bila aritu dela frogatzea.
—Lan aholkulariarekin konpromiso bat sinatzea.

-Zenbatekoa: sei alditan kobratzen da, hilabete bakoitzean 400 edo 450 euro.

-Noiz arte indarrean: Espainiako langabezia tasa %20ra jaitsi arte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.