Epsilon Euskadi 1 Formulatik at gelditu zen egunean, gure indize nagusien artean ere epsilon bateko aldea (matematikan huskeria, nanoa, baina positiboa izendatzeko erabilia) izan zen; bai euren artean, bai zeroarekiko. Gutxigatik, baina gorrira jo zuen Bilbo-2000k (-%0,02) eta berde beltzera Ibex-35ek (+%0,06). Madrilen jai egun baten osteko zubia izateak hori ere badu, salerosketa baxutik mugitu zela: 1.493 milioi baino ez. %2na pasa galdu zutelako nabarmendu ziren ArcelorMittal, Renovables eta Sacyr. BBVAk %1,01 eta bi erraldoiek %0,5na inguru irabazteak berderantz bihurgunea eragin zezakeen. Baina txikienen galeratxo pilaketak (%1na galdu zuten Grifols, Telecinco, Abertis eta enparauek), zulatua eragin zuten indizeen azken emaitzan. Berri makroekonomiko gutxi beraz, eta ondorioz, mugimendu nabarmen gutxi: Eurostoxx-50 (-%0,52) indizean, kasu, Deutsche Boerse (-%4,13) eta Credit Agricolenak (-%2,23).
Sos Cuetara (-%5,97) Espainiako jaki taldeak gainbehera jarraitzen du. 3,15 euroan da, duela urtebete 14 euro pasa balio zuen akzioak; %70 pasako gainbehera. Salazar anaien zuzendaritzaren inguruko iruzur susmoek eta borroka juridikoak eragin dute hori.
Iberia(-%0,63) aire konpainiak iaz epe berean baino %17 jende gutxiago garraiatu du, aurtengo maiatza bitartean. Espainiako aire konpainiek %10na pasako bidaiari galerak izan dituzte aurten; eskerrak petrolioarekin euroa ere sendotu den.
Epsilon baten alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu