Epsilonek konkurtso legera jo du, maileguak bueltatu ezinda

Arabako Teknologia Parkeak eman zituen bermeak, eta eraikina eta edukia erostera behartuta dago

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Epsilon Euskadi autogintza enpresak ez du inbertitzailerik lortu, ezin die zorrei aurre egin eta ordainketak eten ditu. Enpresak konkurtso legera jo du, ezin baititu Vitalek eta Kutxak utzitako 16 milioi euroak bueltatu: «Maileguak itzultzeko epeak bat egin du krisiarekin eta gure diru sarrera nagusia gutxitzearekin», dio enpresak.

Gasteizko merkataritza arloko lehenengo epaitegiak onartu du eskaera. Epaileak izendatu ditu administratzaileak. Hartzekodunek autoa argitaratu eta hilabeteko epea izango dute haiei zor zaiena jakinarazteko.

Epsilon Euskadik 50 milioi euro jaso ditu erakunde publikoetatik. %64 Eusko Jaurlaritzarena da. Laguntzak tramitatzeko orduan irregulartasun zantzuak atzeman dituzte Eusko Jaurlaritzak eskatuta egindako ikerketa juridiko eta ekonomikoetan. Enpresa konkurtso legera jotzear zela Eusko Jaurlaritzak uko egin zion laguntza gehiago emateari. Bernabe Unda Jaurlaritzako Industria sailburuarentzat proiektuak ez du sekula oinarri sendorik izan.

2009an Arabako Teknologia Parkeak —Epsilon Miñaon dago— eskaini zituen bermeak Epsilonek Vitalen eta Kutxaren maileguak lortu ahal izateko. Zortzi milioi euro kutxa bakoitzak. Maileguak ordaintzen ez baditu, parkea behartuta dago enpresaren eraikina eta edukia erostera. 14,6 eta 22,5 milioi euro artean ordaindu beharko ditu. Arabako Teknologia Parkeak eskatutako azterketa baten arabera, Epsilonek 19,4 milioi euro balio du.

Maiatzean Epsilon Euskadiko arduradunek esan zuten proiektua «bizirik» zegoela eta zenbait inbertitzailerekin hitz egiten ari zirela, baina azkenean konkurtso legera jo behar izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.