Epsilonen porrotak 24 milioiko galera ekar diezaieke erakundeei

Gasteizko epaitegi batek automozio enpresaren likidazioa agindu du, diru sarrerarik ez duelako

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Gasteizko Merkataritzako lehen epaitegiak Epsilon Euskadi automozio enpresa likidatzea erabaki du, diru sarrerarik ez zuelako eta zorrak itota dagoelako. Enpresako langileei ez ezik, erakundeei ere galera handia ekarriko die porrotak, 16 eta 24 milioi euro artekoa, hain zuzen ere.

Juan Jose Ibarretxeren Eusko Jaurlaritzak apustu handia egin zuen Epsilonen alde. Lehiaketa profesionaletan eta, ahal bazen, 1 Formulan taldea osatzea zen helburua, eta horretarako egin behar zituen inbertsioak diruz lagundu zituen orduko Industria Sailak. Horien artean zegoen egoitza Azkoititik Miñaoko parke teknologikora eramatea. Egoitza berria finantzatzeko hamasei milioi euroko mailegua erdi bana eman zioten Epsiloni Vital Kutxak eta Kutxak.

Miñaoko zerbitzu juridikoek aurkako iritzia azaldu arren, Parke Teknologikoak bermea eman zion Epsiloni. Enpresak dirua itzuli ez duenez, parkeko hiru bazkideek pagatu beharko dute zorra: Jaurlaritzak %64 du SPRIren bidez, Arabako Aldundiak %20 eta Gasteizko Udalak %10. Interesak direla eta, baliteke azkenean 24 milioiko zorra pagatu behar izatea. Hiru erakundeek Efe agentziari esan diotenez, saiatuko dira Kutxabankekin negoziatzen «kutxa publikoari ahalik eta kalte txikiena» egiteko.

«Arrisku handiegia»

Gainera, Jaurlaritzak eta beste erakunde publikoek 50 milioi euroko dirulaguntzak eman zizkioten proiektuari. Diru horretatik 3,3 milioi itzultzeko eskatu izan dio Epsiloni oraingo Jaurlaritzak, ez zituelako laguntzaren baldintzak bete. Bernabe Unda oraingo Industria sailburuak gogor salatu du bere aurrekoen kudeaketa, haren iritziz, arrisku handiegia hartu zutelako, justifikazio handirik gabe.

Irailean eskatu zuen hartzekodunen lehiaketa Epsilonek, kutxei ez ezik, hornitzaileei ere ezin zielako pagatu. Azken urtean Arabiako Penintsulan eta Txinan aritu da inbertsiogile baten bila, baina ez du dirua jarriko duen inor aurkitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.