"Motiboak soberan" daudela uste dute gaur Naval ontziolako langileen aldarrikapenekin bat egin dute eragile eta sindikatuek. Sestaon (Bizkaia) egin dute agerraldia Berri Otxoak plataformak, Emakumeen Aholkularitza Zentroak, Argitan elkarteak, Portugaleteko Gizarte Eskubideen Bulegoak, Santurtziko DSBE Diru sarrerak bermatzeko errentari buruzko Informazio Guneak eta ELA, LAB, ESK, CGT, CNT eta Steilas sindikatuek. Ezkerraldean bizi eta lan: langabezia, prekarietate eta pobrezia gehiagorik ez lelopean, bat egin dute langileek larunbaterako deitutako moblizazioarekin. 18:00etan abiatuko da protesta Bihotz Sakratuaren plazatik, eta Arriaga parean amaituko dute.
Naval ontziola irekita mantentzearen aldeko apustua egiten dutela nabarmendu dute eragile eta sindikatuek: "Ezin dugu onartu ehun urteko historia daukan eta 2005era arte publikoa zen enpresa hau desagertzea, horregatik aterako gara kalera itxierari ezetz esatera, jabetzen garelako halako enpresa baten itxierak eragin dezakeen hedatze uhinaz".
Eusko Jaurlaritzari mezua
Desindustrializazio prozesuari "galga jarri" beharraz nabarmendu du eragileek, "gutxieneko baldintza duinak dituzten lanpostuak suntsitzen eta enplegu prekarioengatik ordezkatzen" ari direla iritzita. Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Diputazioari, gainera, "kea saltzea" egotzi diete: "Ezkutatzeari utzi eta azaldu behar dute zer egin asmo dute Navalen etorkizuna bermatzeko. Dagoeneko ez dute balio aitzakiek eta erdizkako egiek; Navalen aktiboak eskuratzeko eskaintza bat egiteko momentua da".