Zazpi urte. 28 hiruhilabete jarraian. Hori izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eraikuntzaren sektoreak izan duen etengabeko erorketaren neurria. Bitarte horretan zamarik handiena izan da ekonomiaren hazkunderako, eta badirudi oraingoan hondoa jo duela, azkenik.
Erorketa gelditu da aurtengo lehen hiruhilekoan. Urtarriletik martxora %0,6 egin du gora eraikuntza sektorearen hazkundea, urte arteko tasan. Hori bai, oraindik ere ahulezia ez dela erabat desagertu islatzen du hiruhileko arteko tasak. 2014. urteko azken txanparekin alderatuz, %2,9 egin du atzera.
Eraikuntzaren ekarpenak Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspena gainditu du, Urteko lehen hiruhilekoan %1,3 jaitsiko zela kalkulatu zuen Ogasun Sailak. Urte osoan, berriz, sektoreak %0,6 atzera egingo duela espero du gobernuak.
Krisia orokorra izan bada ere, bereziki gordina izan da eraikuntzan. Esaterako, hiruhileko batean barne produktu gordinari 1.600 milioi euroko ekarpena egiten zion sektoreak EAEko balio erantsiari. Gaur egun, zazpi urteren ondoren, 900 milioi pasatxo dira, %44 gutxiago. Lanpostuen erdia galdu dira gainbehera horretan, halaber.
Industria, ahulago
Euskal Estatistika Erakundeak, Eustatek, 2015. urteko lehen hiruhilekoko kontu ekonomikoen xehetasunak argitaratu ditu gaur. Datu orokorrak orain dela hilabete bat ezagutarazi zituen. Urte arteko tasan %2,2 igo da barne produktu gordina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, hazkundea %0,6 izan da.
Eskaintzaren atalean eraikuntzarena ez da datu adierazgarri bakarra. Hazkundea bultzatu duen eragile nagusia zerbitzuak izan dira. Hiruhileko batetik bestera, gainera, zerbitzu publikoek izan dute gorakadarik handiena.
Datu kezkagarria industriak utzi du. Urte arteko tasan %0,2 baino ez da hazi, aurreko hiruhilekoan baino zortzi hamarren gutxiago. 2014. urteko azken datuarekin alderatuz, atzera egin du industriaren ekarpenak, -%0,5. Urritik abendura izandako erorketa berdina da.
Herrialdeei dagokienez, Gipuzkoak izan du hazkunderik handiena, %2,4 handituta. Bizkaian ekonomiak %2,2 egin du gora, eta Araban, %1,7. Hiruhileko batetik bestera, berriz, Bizkaiko eta Arabako barne produktu gordinak %0,6 hazi dira, eta Gipuzkoarenak %0,5.