Eraikuntzako langileek bost urterako itun kolektiboa izango dute Araban. Sektoreko hitzarmena berritu gabe zegoen 2010. urtetik, eta atzo akordioa lortu zuen SEA Uneca patronalak CCOO eta UGT sindikatuekin. Bi sindikatuek ordezkaritzaren gehiengoa dute sektorean, eta, hori dela eta, eragin osoa izango du akordioak.
Aurrekoekin alderatuz, akordioak zenbait berrikuntza ditu. Lehenik eta behin, iraupen luzea. Orain arte hiru urterako itunak sinatu ohi ziren, baina «sosegu» aldi luzeago bat behar zutela argudiatu du Juan Luis España CCOO sindikatuko ordezkariak, sektoreak dituen arazoak kontuan hartuta.
Beste aldaketa bat soldatari dagokio. Hain zuzen ere, lehen hiru urteetakoa ezarri da, eta 2015. eta 2016. urteetakoa aurrerago negoziatuko da. 2012. urtean, soldatak %1 igoko dira, eta hortik gora inflazioak duen ehunekoa konpentsatuko zaie langileei. 2013. eta 2014. urteetan, berriz, %1,5 handituko dira ordainak.
Urteko lanaldia aurreko hitzarmenean finkatu zen berdina izango da: 1.726 lanordu. Lanordu horiek banatzeko «malgutasuna» izango dela azpimarratu du Arabako patronalak. Hitzartutako soldata igoera «neurritsua» ere ontzat jo du SEA Unecak.
Itun berria «albiste ona» dela esan du CCOO sindikatuak. Lan erreforma indarrean sartu zenetik, ultraaktibitatea galtzeko arriskua handitu da, eta heldu den urterako akordioa lortu behar zela adierazi du Juan Luis Españak. Eraikuntza gogor astindu du krisiak, eta sektoreko hitzarmenari esker gutxienez enpresa itunetan baldintzak okertzea eragotzi dutela azpimarratu du CCOOko kideak.
Itunak herrialdeko gutxi gorabehera 5.000 langileren lan baldintzak arautuko ditu datozen urteetan. Sindikatuen arabera, eraikuntza sektoreko beste 2.500 lagun langabezian daude. Krisia hasi zenetik, gainera, 4.000 langilek sektorea utzi dutela kalkulatu dute.
Azken urteotan gutxi dira sindikatuek eta patronalek lortu dituzten akordio sektorialak. Lan Harremanen Kontseiluaren arabera, aurten ekaina arte herrialde osorako lau itun kolektibo baino ez ziren sinatu. Bien bitartean, 318.000 langileri eragiten dieten 104 itun sinatu gabe zeuden artean. Horietatik hamasei Arabakoak ziren.
Eraikuntza sektoreko lan ituna sinatu dute Araban
Bost urterako iraupena izango du, eta soldata igoera «neurritsuak» hitzartu dituzte CCOO, UGT eta SEAk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu