Eraikuntzakoa, eta sortzez atzerritarra. Aste honetan berriro gertatu da lan istripuetan ohikoa den ekuazioa. Astelehenean eraikuntzako langile bat erori zen lau metroko altueratik, Lasarte-Oriako obra batean (Gipuzkoa), eta herenegun hil zen. Langilea sortzez portugaldarra zela eta Murias enpresarentzat lan egiten zuela zehaztu zuen LABek. Istripua Lasarte-Oriako San Pedro elizaren atzeko obran gertatu zen.
Aurten Euskal Herrian lan istripuan hildako 81. langilea da, LABen zenbaketaren arabera: 26 Bizkaian, 23 Gipuzkoan, hamasei Araban, hamabi Nafarroan eta lau Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.
Bai ELAk bai LABek nabarmendu dute Lasarte-Oriako langilearen heriotzan errepikatu egin dela eraikuntzako lan istripuen eredua. «Gaur egungo lan merkatu prekarioaren eta horren ondorio penagarrien isla da», esan du ELAk. Aldi baterako kontratuak dituzten langileak, normalean lan baldintza «onartezinetan» lan egiten dutenak, «lan segurtasunik eta osasunik gabe».
LABek gogorarazi du duela astebete 55 urteko langile bat hil zela abiadura handiko treneko obretan, lehergaiak eztanda egin ostean. Beste langile bat larri zauritu zen. Hildakoa sortzez ukrainarra zen; larri zauritutakoa, bulgariarra. «Berriz ere prekarietatea nagusi, langileen bizitzaren gainetik», dio sindikatuak.
Erakundeen erantzukizuna
ELAk eta LABek salatu dute Administrazioak erantzukizuna duela lan istripuetan, haien iritziz ez duelako egiten behar besteko prebentzio eta kontrol lanik.
Lotu programa ekarri du gogora ELAk. Programa horren helburua eraikuntzan altueratik erorita gertatzen diren istripuak saihestea da. 400.000 euroko aurrekontua du. «Zertarako balio du? Non daude emaitzak?», galdetu du ELAk. «Agerikoa da norbaitek dirua kobratzen duela baina ez dagoela emaitzarik»,
Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua kritikatu du LABek: «Babesgabeenak susmagarri bihurtu eta 6.262 etxeri laguntza kentzen die, baina ez du txintik esaten enpresarien eta kapitalismoaren kontra, dirua, osasuna eta bizitza lapurtzen diguten arren».
Gipuzkoako Batzar Nagusiek lan arriskuei buruzko legedia bete behar dela gogorarazi dute.
Eraikuntzako langile bat hil da, obran erori eta bi egunera
Istripua astelehenean gertatu zen, Lasarte-Orian, eta langilea herenegun hil zen, ospitalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu