Sacyrrek, Muriasek, Amenabarrek, Ferrovialek eta Moyuak eman dute izena, beste eraikuntza enpresa askoren artean, Antzuola-Bergara lotunearen (AP-1ekin lotura) lanak egiteko lehiaketarako. Denek dakite kontratua lortuz gero Gipuzkoako Diputazioak klausula bat sinaraziko diela, langileek Gipuzkoako lan hitzarmenaren baldintzak bermatuak izan ditzaten. ELA sindikatuak diputazioarekin lortutako akordioari esker gauzatuko da eraikuntza alorreko langileen baldintzak bermatzeko klausula. Adjudikazioa lortzen duen enpresak lanetara sartzen utzi beharko die ELAko gainbegiratzaileei. Gipuzkoako lan itunaren baldintzak betetzen direla frogatzera joango da sindikatua. Lan ituna urratuz gero, adjudikatutako diru kopuruaren %10 arteko isunak jasotzen ditu akordioak enpresarentzat, baita diputazioarekin sinatutako akordioa haustea ere, urraketaren larritasunaren arabera.
"Borondate politikoa baldin badago, obra publiko guztietarako berme klausulak sinatzea lortuko dugu”, dio ELAk ohar batean. Krisi egoeran lan hitzarmenen urraketak “etengabekoak” direla salatu du sindikatuak. “Kasu bakoitzaren gainean egongo ez bagina, eraikuntzako lan guztietan urraketak egongo zirela esan dezakegu”. Azken lan erreformak eraikuntzako lan hitzarmenak ez betetzea dakar praktikan, ELAk dioenez.