Erakunde gehiago bereganatu behar dituztela uste du Fernandezek

Hiru kutxek bat eginda ere tamaina nabarmen handitu behar dutela dio, 76.000 milioi eurotik 120.000 milioi euroraBBK-ko presidenteak «arduraz» jokatzeko eskatu die politikariei eta komunikabideei

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Mario Fernandez BBK-ko presidenteak oso argi du BBKren, Kutxaren eta Vitalen bat-egite hotzaren etorkizunak nolakoa izan behar duen. Hasteko, hiru kutxak elkartuta baino handiagoak izan behar dutela uste du. Eta garbi esaten du, kopuru eta guzti. Etorkizunean aktiboetan 120.000 milioi eurora iritsi behar dutela zehaztu zuen, atzo, Donostian. Hau da, hiru aurrezki kutxek bat eginda baino 44.000 milioi euro gehiago (76.000 milioi euro inguru dituzte hiruren artean). Horrek esan nahi du Fernandezek behintzat ez duela baztertzen finantza erakunde gehiago bereganatzea, bat egiteko prozesuaren erdian.

BBK-k Cajasur bereganatu zuen iaz, eta oraingoz jakina da BBK, Kutxa eta Vital aztertzen ari direla eskaintza bat egitea CAM Mediterraneoko Kutxa eskuratzeko. Informazioa eskatu dute. BBK duela ia urtebete saiatu zen, baina negoziazioek huts egin zuten orduan. CAM Espainiako Bankuaren esku dago eta bi aukera ditu: beste finantza erakunde batek bereganatzea edo nazionalizatzea. 75.000 milioi euro ditu aktiboetan. Beraz, euskal kutxek bereganatuz gero, beren neurria bikoiztuko lukete, Fernandezek aipatutako neurria baino dezente handiagoa.

Mario Fernandezek Elkargiren XXII. Enpresa Topaketan parte hartu zuen atzo, Donostiako Kursaal jauregian. Bertan bat-egitearen alde egin zuen, sutsuki. «Italiar erako» bat-egitea izango da: kutxak banku bihurtzen dira eta sortzen duten bankuaren akziodun, fundazioen bidez.

Emaitza sendoa

BBK-ko presidenteak bat-egitearen emaitza Espainian jarduten duten finantza erakundeekin alderatu zuen, haren sendotasuna nabarmentzeko: bat-egitea gauzatuz gero, hirugarren aurrezki kutxa handiena litzateke («izan behar du», esan zuen); hirugarrena funts propioetan eta errenta aldakorrean; bigarrena core capital-ean (kaudimena neurtzen du), bankuak ere aintzat hartuta; seigarrena kutxen aktiboetan; eta hamargarrena aktiboetan, bankuekin ere alderatuta.

Hiru kutxen artean sortuko luketen bankuak 75.516 milioi euroko aktiboak izango lituzke, 6.373 milioi euroko funts propioa, 326 milioi euroko irabaziak, %11,31ko core capital-a eta 59.398 milioi euro gordailuetan.

«Berregituratzearen lehen epeak» datorren urtearen amaiera arte iraungo luke, Fernandezen beraren hitzetan. Horretarako akordio asko lortu behar dituzte, guztia baitago erabakitzeko, eta hiru kutxen batzar nagusiek bat egitearen alde egin behar baitute, iraileko lehen asteetan. BBKn eta Vitalen beharrezko gehiengoek ziurtatu dituzte; Kutxan, oraindik ez. Fernandez ziur dago bat-egitea onartuko dela, baina «arduraz» jokatzeko eskatu zien guztiei, bai politikariei, bai kazetariei, bat-egiteak aurrera egiteko. Porrot egin zuten saioak zituen gogoan, 2005ekoa eta 2008koa.

Aldaketa garaia

Aurrezki kutxen etorkizunaz gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren etorkizunari buruz ere hitz egin zuen BBK-ko presidenteak. Kutxetan gertatu den moduan, aldaketa garaia dela nabarmendu zuen, egoera ekonomikoari eta globalizazioari aurre egiteko.

Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren aurkia eta ifrentzua aipatu zituen. Aurkia: berrikuntzan egiten den ahalegin handia, ekintzailetasun errotua eta nazioartekotze handia. Ifrentzua: tarteko tamaina duen ekonomia, lurralde mugatua, enpresa txikiak, jaiotze tasa apalak eta soldata «altuak». «Euskadi hiri bat izango balitz, munduan 182.a izango litzateke», esan zien Kursaalen bildutako enpresaburuei.

Enpresei beste batzuekin elkartzeko edo elkarlanean aritzeko eskatu zien. Baita «ohiko oztopoak» gainditu eta deslokalizazioei eta erabakitzeko guneak beste leku batzuetara eramateko aukerari buruz eztabaidatzen hasteko ere. «Bestela», jarraitu zuen Fernandezek, «okerreko bidea egingo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.