Urtetik urtera hazten ari da Euskadiko Software Libreko Elkartea (ESLE). 2005ean sortu zen, eta orduan alorreko hemeretzi enpresa biltzen zituen; gaur egun, 42 dira. Fakturazio eta langile kopuruak ere gora egin du nabarmen, "software librearen esparrua hazten" ari den seinale. Eta abagune hau aprobetxatu beharrekoa dela uste du Eneko Astigarragak (Eibar, 1960). Elkarteko presidente kargua hartu berri du, eta software librea pribatuak bezain onak direla erakustea da, haren ustez, sektoreak duen erronka nagusia. Etxera begiratuta, bertako enpresek garatzen dituzten softwareak munduan ahal bezainbeste zabaltzea izango da helburua.
ESLEko presidente kargura iritsi berri zara. Nola topatu duzu elkartea?
Lehendik ere ezagutzen genuen. Elkarteak bilakaera ona izan duela uste dut, software libreak hartu duen indarrarekin bat datorrela dirudi. Gero eta enpresa eta zerbitzu gehiago eskaintzen dira software librearen inguruan, gero eta aplikazio gehiago daude. Hori horrela da, enpresa, administrazio eta norbanakoen aldetik eskaera handiagoa dagoelako. Azken datuen arabera, enpresen %75ek erabiltzen dute software librea aplikazioren batean. Kopuru hori igo egingo da, baita enpresek erabiltzen dituzten software kopurua ere.
Kargu berrira une gozoan iritsi zarela esan daiteke beraz...
Erabilpenaren aldetik, bai. Enpresa ikuspegitik, ordea, egoera ekonomikoa ez da samurra. Gero eta software libre gehiago erabiltzea gauza bat da, eta beste bat berarekin negozioa egitea. Gauza ezberdinak diren arren, lotura daukate. Izan ere, erabiltzaile gehiago edukiz gero, teorikoki negozio gehiago egongo baita. Alegia, negozio aukera gehiago egongo da.
2005. urtetik, ordea, fakturazioa sei aldiz igo da, eta langileen kopurua zortzi aldiz handiagoa da. Halako hazkundea egoteko, non dago aberastasuna sortzeko bidea?
Zerbitzuetan. Software librea gero eta gehiago erabiltzen da; beraz, zerbitzu gehiago behar da. Hazkundearen arrazoi bat hor dago, eta enpresa gehiago sortzen dira zerbitzua emateko prest. Gehiago erabiltzen delako, gehiago eskatzen da. Baina badugu erronka nagusi bat: gure planteamendua enpresek euren produktu propioak sortzen laguntzea da. Guk eskaintzen ditugun zerbitzuak hemen bertan garatu diren hardwareen ingurukoak dira. Mundu osoan beste asko garatzen dira, eta horien inguruan ere eskaintzen dituzte zerbitzuak. Baina gure anbizioen artean dago, halaber, gure enpresek sortzen dituzten aplikazioak munduratzea. Enpresa batzuek badute euren produktu propioa, eta horiek indartu nahian ari gara.
Zuk aipatu duzu gizartean software librea presenteago dagoela, baina aspaldiko kontua ere bada. Hazkundea zergatik izan da orain?
Software libreko aplikazioak heldutasun batera iristen ari direla esan daiteke. Esparru askotan lehiakorrak dira, eta pribatuak baino hobeak ere bai. Produktuaren jarraipena hobea da, jende gehiagok parte hartzen duelako garapenean, eta horrek abantailak ematen dizkiolako. Horregatik, software libreak lehiakorragoak ere badira.
Aldaketa horiek partekatzeak egiten du hobea?
Bai, horrek egiten du lehiakorragoa. Aplikazioa ez duzu hutsetik hasten, eta lehendik egindakoa aprobetxa daiteke, kolaborazio gehiagoko lana eginez. Eta hori, gure ustez, lehiakorragoa da, eta emaitza hobeak sortzen ditu. Eredu mistoak ere badaude; baina, oro har, software librea nagusitzen ari da.
2012an, Eusko Jaurlaritzak dekretu batean onartu zuen administrazioan software librearen erabilera lehenesten zuela. Orduan ontzat jo zenuten erabakia. Zer diozue orain?
Legea bera oso aurrerakoia da, baina praktikan jartzeko garaian ez da horrela, gutxi aplikatzen dela uste baitugu. Gauza bat da dekretu bat ateratzea, eta beste bat martxan jartzea. Gehiago aplikatu beharko litzatekeela iruditzen zaigu. Asmoak badaude, baina gero praktikan ez da betetzen. Nahiz eta ez den samurra batetik besterako saltoa ematea. Baina uste dugu errazago eta azkarrago eman zitekeela saltoa. Software librea eta ezaguera libre aldera joateko eskatzen dugu. Erakunde publikoan denon artean ordaintzen dugu softwarea, eta horregatik izan beharko luke librea. Berrerabili ahal izateko. Herritarren dirua dagoen zerbaitetik abiatzea hobea da. Edo, bestela, dagoen lekutik abiatu, eta diru gutxiagorekin hobetu.
Software libreen erabileraren ondorioz, enpresa, norbanako eta erakunde publikoek 221 milioi euroko aurrezten dituztela kalkulatu zenuten iaz. Administrazioetan software libreak erabiltzeko arrazoi gehiago, ala?
Bai, argi dago. Horren jakitun dira administrazioan ere, baina aurrerapausoak ematea zaila da. Hala ere, pausoak ematen ez baldin badira, inoiz ez gara helburu horretara iritsiko. Agian, asmoa partekatua eduki dezakegu administrazio, enpresa, gizarte, alderdi politiko eta gainerako eragileek. Joera ona da, baina praktikan jarri behar da.
Eusko Jaurlaritzarekin zer harreman daukazue?
Sinatu ditugu harreman akordioak eta, printzipioz, sintonia badagoela badirudi, baina gauzatu egin behar ditugu paperean idatzi ditugun gauzak. Marko handian jarritakoak gauzatu behar dira. Printzipioz, ados daude teoriarekin, baina pausoak eman behar dira, eta hor bidelagun izateko prest gaude.