Europako Batasunak legez kanpokotzat jo zituen aurreko astean tax lease sistemaren bidez ontziolentzako baliatutako inbertsioak, 2007tik 2011rako tartera jasotakoak, eta sektorea "hilzorian" utzi duen ebazpenaren aurka helegitea jarri behar den aztertu behar dute orain eragileek.
Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soriak gobernuak helegitea jartzeko asmoa zuela esan zuen Bruselaren erabakia ezagutu eta ordu gutxira, baina gaur egun ez dago oso argi sektoreari hori egitea komeni zaion, laguntzen auzia "lehenbailehen" ixtearen aldeko baitira sindikatu eta enpresari batzuk, "sektoreari kalte are handiagoa ez egiteko".
Arratsaldean jakingo da gehiago balizko helegite horre inguruan, Galizia eta Asturiasko ordezkariak Soria ministroarekin batzartu ondoren. Eusko Jaurlaritza ez da bertan izango, agenda arazoak argudiatuta. Patronal eta sindikatu batzuetako ordezkariak ere izango dira bilera horretan. "Helegitea jartzeko aukera hor dago, baina aurretik alde guztiek zer dioten entzun behar dut", esan du ministro espainiarrak.
Orain arte "urrats guztiak adostuta" egin direla gogoratu du Soriak. Hala ere, uste du "emandako argumentu juridikoak balekoak eta sendoak direla". Etorkizunean egingo dena "aldeen artean adosten denak" baldintzatuko du, dena den, "erkidego, sindikatu eta enpresarien artean".