EAJ, PSE-EE eta PPk agenda sozial partekatua daukatela, salaketa hori egin du gaur goizean Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak testuinguru ekonomiko eta politikoaren balorazioa egiteko garaian. “Politika neoliberal berdina”, hain zuzen. Eta horiei aurre egiteko gehiengo berriak bilatu behar direla azaldu du sindikatuak, horretarako ezkerreko aliantzak bilatuz. Izan ere, haren arabera, aldaketa soziala ezinezkoa izango da aldaketa politikorik ez badago. “Ezkerrean aliantzak sortzeko garaia da; agenda sozial partekatua behar dugu”. Ideia hori Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeei begira egin du, baina Nafarroari begira ere hitz egin du. “Erregimena erakundeetatik kanpo egotea erronka bat da, baina aldaketa ezkerrera eman behar da”. Aldaketa sozialerako Geroa Bai “galga” bezala ikusten du Aranburuk, eta, horregatik, ezkerrera biratzeko beharra aldarrikatu du. Sindikatuaren ustez gaur-gaurkoz alderdi horrek “patronalari gehiegi begiratzen diolako”.
Une honetako politika ekonomiko eta sozialak inboluzioa izan duela ebatzi du LABek. Abenduaren 20an sindikatuko nazio biltzarrak eztabaidatu zuen testuinguruaren inguruko analisia, eta gaur goizean eman du aditzera. Igor Arroyo LABeko idazkari nagusiaren ondokoaren arabera, aurreikuspen ekonomiko positiboak egonda murrizketak kendu beharko lituzkete, baina gaur-gaurkoz “ez dago horretarako asmorik”. Enpresetan lan gatazka gehiago egongo direla aurreratu du sindikatuak: “Gatazka helburu ez izanda ere baldintzak hobetzeko modu bat da”.