Atzo 19:00ak geroztik greban dira Iparraldeko eta Frantziako treneko langileak. Eguerdi aldera erabakiko dute beste egun batez jarraitu edo ez. "Erakutsi dugu sekulako indarra dugula langileok", azaldu du Peio Dufau CGTko kideak. Ipar Euskal Herrian ia langile guztiek egin dute bat protestarekin, eta tren zerbitzuan agerikoa da protestaren eragina, abiadura handiko trenak soilik baitabiltza, haiek ere normalean baino gutxiago.
Dufauren esanetan, "oso pozik" daude izandako erantzunarekin, baina, aldi berean, haserre ere bai. "Bortxatuak izan gara greba egitera. Urtebete pasatu dugu ministerioarekin hitz egin nahian, eta gaur esan du hitz egin nahi duela". CGTk, FOk, SUD-Railek eta Firstek antolatu dute lanuztea.
Protestaren helburua Frantziako Gobernuak prestatutako treneko erreforma salatzea da. Datorren astean bozkatuko du Asanblea Nazionalak. Erreformak ekarriko duen aldaketa nagusietako bat da SNCF eta RFF berriro ere erakunde bakar batean bilduko direla. 1997tik funtzionatzen dute bereizita, aurrena arduratzen da garraioaz, eta bigarrean azpiegiturez.
Gobernuaren proposamena da, alde batetik, erakunde industrial publiko bat sortzea. Hura litzateke enpresa nagusia. SNCF izena edukiko luke, eta haren ardura litzateke azpiko beste bi erakunde kontrolatzea. SNCFren azpitik, SNCF Mobilite eta SNCF Reseau sortuko lirateke. Aurrena arduratuko litzateke garraioaz, eta bigarrena azpiegiturez. Langileek diote antolaketa hori ez dela egokia, eta bateratzea are handiagoa izatea nahi dute. Halaber, salatzen dute lege proposamenean ez dela neurrik ageri SNCFren zorra murrizteko —44.000 milioiko zuloa du, eta urtez urte handitzen da—.