1960tik 1966ra bitartean Errenteriako PAISA lantegian lan egin zuen Maria Teresa I.Ck. Bakelita piezak lizatzen zituen, eta pieza horiek amiantoa zuten. Hauts hura arnasteak pleurako mesotelioma eragin zioten, eta 2012ko martxoan hil zen.
Urteak pasatu dira lantegia itxi zenetik, baina haren jabe egin zen Ercros multinazionalak 83.600 euroko kalte-ordaina eman beharko dio alargunari, eta 9.300 eurokoa alabari. Asviamie elkarteak enpresaren jarrera salatu du, epaiketan saiatu baitzen gaitza "herentzia genetikoak" eragindakoa zela azaltzen, hildakoaren aitak ere biriketako minbizia izan zuelako. Halaber, Ercrosek esan zuen beste enpresaren batean lan egingo zuela amiantoarekin, nahiz eta haietan minerala erabili izanaren inongo frogarik ez egon.
Otsailean ere Bilboko Lan arloko auzitegi batek zigorra jarri zion Ercrosi. Amiantoaren eraginez hildako langile baten alargunari 50.000 euroko kalte ordaina eman behar ziola erabaki zuen, Fertiberia enpresarekin batera.