Frantziak 1998an onartu zuen 35 orduko lan astea legez ezartzea, Lionel Jospin sozialistaren gobernuan Lan ministro izandako Martine Aubryren ekimenez. Azkar asko egin zuen jauzi aldarrikapenak Iparraldetik Hegoaldera, eta sindikatuek gogotsu ekin zioten. Lan arloko eskumenak Madrilek dituenez, patronalarekin akordioak lortzen ahalegindu ziren sindikatuak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez zen posible izan, eta Nafarroan UGTk eta CCOOk soilik babestu zuten enpleguaren aldeko akordioa.Testuinguru horretan borroka indartzea deliberatu zuen gehiengo sindikalak. ELA, LAB, ESK eta EILASek 35 orduko lan astearen aldeko greba deitu zuten Hego Euskal Herrian 1999ko maiatzaren 21erako. CCOOk eta UGTk, oldea geratu ezinik, babesa eman zioten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, sindikatu abertzaleen grebari ez laguntzeaz aparte, traba ugari jarri zizkioten. Mobilizazioak arrakasta handia izan zuen, eta milaka langilek bat egin zuten 35 orduko lan astearen eskaerarekin.
Jardunaldi erreala, berdin
Dinamika martxan jarri zenetik ia sei urte igaro dira, eta tarte horretan «lorpen partzialak, baina garrantzitsuak» erdietsi dituztela uste du Adolfo Muñozek, ELA sindikatuko Negoziazio Kolektiborako arduradunak. «Sektore publikoan, osorik, 35 orduak ezarri ziren. Eremu pribatuan, berriz, geldirik zegoen arlo bati astindua eman zitzaion, eta sektore guztietan urtero ordu bat edo bi murriztetik hamarrera igaro zen». Estatistikek bat egiten dute Muñozen iritziarekin: 1995ean urteko batez besteko lan orduak 1.737 ziren, eta gaur egun 1.693 dira.
Hala ere, ez da gauza bera hitzartutako lan orduak eta benetan betetzen den lanaldia. ELAko ordezkariak azaldu duenez, langileen %40k malgutasun handiko baldintzak dituzte. «Horrelako kontratuak dituztenek enpresaburuen nahien arabera lan egiten dute, eta kolektibo horiek itunak dioena baino askoz ordu gehiago lan egiten dituzte».CCOOko Ekintza Sindikaleko arduraduna, Eduardo Garcia, bat dator iritzi horrekin. «Lanaldia luzatzearen, aparteko orduen eta lan jardunaldiaren banaketa arautugabearen ondorioz, benetako lanaldia askoz handiagoa da». Hori dela eta, 35 orduko lan astea lortzeko bidean «murrizketa sinbolikoak» besterik ez direla lortu uste du. Sektore publikoan, aurrera egin dela onartu badu ere, baldintzekin alderantziz gertatu dela ohartarazi du. «Duela zortzi urte aldi baterako langileak sektore publikoan %6 edo %7 ziren, eta %25- era igo dira. Gainera, administrazio publikoak neurririk gabe erabiltzen du azpikontratazioa».«Greba izan zen punturik indartsuena», azaldu du Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko Enplegu Politikako idazkariak, «eta hainbat enpresatan 35 lan orduko astea martxan jarri zen, baina gero hura hozten joan da, eta ez dugu aukerarik izan norgehiagokari eusteko». Hego Euskal Herrian, Ipar Euskal Herrian ez bezala, 35 orduko lan astea ez da legez ezarri. «Ezarri den tokietan frogatu da lanpostuak sortzeko baliogarria izan dela. Frantzian, hain zuzen ere, 350.000 lanpostu sortu ziren», gogoratu du Aranburuk. Bestalde, 1999an langabeziaren arazoa puri-purian zegoen: Hego Euskal Herrian 180.000 langabe zeuden, gaur egunean halako bi. Baina arazoak ez dira desagertu. «Europarekin alderatuta, prekarietatea hiru aldiz handiagoa da. Ez dira horren urte gogorrak langabeziaren arloan, baina enpleguaren kalitatea oso eskasa da, eta horren aurkako borrokak hartu du nagusitasuna».
Patronalaren jarrerarekin, ezusterik ez
Confebasken arrazoibideak ez direla berriak dio Aranburuk, patronala «beti» egon delako lan orduak gutxitzearen aurka. Orain, ordea, Europatik datozen albisteekin aurrerapausoa eman du patronalak. Alemanian lanaldia luzatzeko akordioak hitzartu dira enpresa handi batzuetan; Frantzian, berriz, eskuineko gobernuak Aubry Legea edukiz hustea lortu du. Gertaera horiek baliatzeagatik oportunista izatea egotzi dio CCOOk patronalari. «Ez da egia euskal enpresek lehiakortasunari eusteko duten arazorik serioenak lanaldiaren murrizketatik datozenik. Globalizazioarekin, lekutzeekin, edo Europako handitzearekin zerikusi gehiago dute», dio Garciak.
ELA ere ez du hordagoak ezustean harrapatu. «Astero 48 ordu lan egiten zen garaian ere gauza bera esaten zuen», nabarmendu du Muñozek. Horren haritik, 35 orduko lan astea lortzeko bidean aurrera egitea ezinbestekotzat jo, eta patronal «bihozgabe eta diruzale» horri aurre egin behar zaiola defendatu du. Negoziazio kolektiboaren erabilerak ez du, ELAren arabera, prekarietatea eta aldi baterakotasuna murrizteko balio izan. Nahiz eta ekonomiak hamar urtez jarraian hazkundea izan, sektoreko itunek ez dute arazo horietan sakondu. «Enpresaburuen etekinak igo dira eta langileok eskubideak galdu ditugu; hori aberastasunaren banaketan nabaritzen da». ELAren aburuz, Confebaskek sektoreko itunak bilatzen ditu, sindikatuak ahulagoak direlako esparru horretan. Halaber, Espainian CEOE patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek urtez urte sinatu dituzten negoziazio kolektiborako akordio «edukirik gabeak» gaitzetsi ditu Muñozek.Negoziazioren edukiei dagokienez, CCOOk uste du lanaldia tratatzeko abaguneak daudela, testuinguru zabalago baten barruan. «Lanaldiaren banaketa eta iraupena enpresaburuen eta sindikatuen artean erabaki behar dugu. Enplegua sortzeko lanaldia murrizteaz ari gara, baina prest gaude malgutasunari buruz negoziatzeko ere, orain arte tabu izan den gaia».
Praktikan dagoeneko adibide esanguratsuak utzi ditu Confebaskek. Araban, esaterako, Metal arloko negoziazioa ez aurrera ez atzera dago, lan jardunaldiaz hitz egiteko asmorik ez baitu patronalak. Negoziazio kolektibo nahasia espero dute sindikatuek, gatazkatsua. 35 orduko lan astearen bidea ez da alfonbra gorria, arantzaz beteriko aldapa baizik.
-
MURRIZKETA DATUETAN
Bost egun eta erdi gutxiago lanean
1995etik lan jardunaldiaren murrizketaren garapena aztertzen bada, batez beste urtean 44 ordu gutxiago lan egitea hitzarturik dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileek gaur egun. Zortzi orduko jardunaldia oinarri, bost lanegun eta erdi gutxiago, guztira. Lan Harremanen Kontseiluak urtero negoziazio kolektiboari buruz argitaratzen duen txosteneko datuak dira. Erakunde horrek soilik EAEko egoera aztertzen du. Nafarroako estatistika erakundeek ez dute, orain arte, arloa landu.
Lanaldiaren murrizketak ez du etenik izan azken hamar urteotan; sektore eta arlo guztietan gauzatu da. 1999tik euskal sindikatuek bultzatu zuten errebindikazio zabalak ondorioak izan zituen. 1995 eta 1997 urteak bitartean batez besteko murrizketa ez zen bi ordura iritsi urte bakoitzeko. 2001etik aurrera, ordea, nabarmen egin zuen gora urtero sinatutako akordioetan.Itun gehienetan kontuan hartu den faktorea izan da. Duela hamar urte sinatu ziren itunen heren batek besterik ez zuen onartu lanaldia gutxitzea. 2002an, berriz, ia %58k murrizketa zuten. Kasu guztietan, jaitsiera eta kopuru orokorrak txikiagoak dira Espainia mailako itunetan. Herrialde artekoak, aldiz, besteak baino dezente ordu gutxiago dituzte. Funtzio publikoko langileen itunak dira oro har eta aldea batez ere ikastoletako eta hezkuntza pribatuko zentroetako itunen eraginetik dator. Sektoreko itunek enpresetakoak baino lanaldi luzeagoa dute. Aldea asko jaitsi da: sektoreko itunek batez besteko 50 lanordu gutxiago dituzte 1995ekoekin alderatuz, eta enpresakoek 23.Bestalde, 35 orduen aldeko borroka aparteko orduen aurkako jarrerarekin uztartu zuten sindikatuek. Ez dirudi gehiegi aurreratu denik: 2003an oraindik aparteko 2,8 milioi ordu sartu ziren EAEn, eta 992.000 Nafarroan, Espainiako Lan Ministerioko datuen arabera.