Bileraren aurretik zaila zirudiena lortu dute Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek, gaur goizean bildutako Finantzen Euskal Kontseiluan. Desadostasun nagusia zen enpresen balantzeak eguneratzeagatik jasotako dirua nola banatuko zuten. Azkenean erdibideko akordioa lortu dute, eta denak pozik azaldu dira. Balantzeen eguneratzearen dirua Ekarpen Legeak dioenaren arabera pagatuko dute, baina Jaurlaritzak konpentsazio bat emango die sistema horrekin kaltetuak direnei; 7,8 milioi Gipuzkoari eta 2,2 milioi, berriz, Arabari.
Gainera, Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak azaldu duenez, ekarpenen likidazioan sartu dute opor fiskaletatik berreskuratutako dirua, 33 milioi euro. Horiek horrela, Ekarpen Legearen arabera jarri behar zuten diruaren %65 konpentsatu ahal izan dute Arabak eta Gipuzkoak.
Finantzen Euskal Kontseiluan ere, burujabetza ekonomiko eta fiskala aztertzeko organoa eskatu du Gipuzkoako Aldundiak. Kontzertu ekonomikoaren ondorioz Espainiarekin negoziatu beharreko gaiak aldez aurretik negoziatzea eta jarrera bateratuak adostea izango litzateke organo horren egitekoa. Jaurlaritzak proposamen komun bat garatuko duela agindu du.