EKONOMIA

Erdira jaitsi dira lana erregulatzeko espedienteak

2014an baino %52 erregulazio dosier gutxiago jaso ditu Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak 2015ean, baina, azaroko datuekin alderatuta, %103 gehitu dira abenduan. 695 dosierrek 8.108 langileri eragin diete. 

Laminaciones Arregi enpresako langileak protestan, 2013an. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2016ko urtarrilaren 18a
14:24
Entzun

Erregulazio espedienteak apaldu egin dira 2015ean: 695 bildu ditu Eusko Jaurlaritzak, aurreko urtean baino %52 gutxiago; 1.434 jaso zituen orduan. Guztira, 8.108 langileri eragin diete erregulazio txostenek: 5.718 langileri kontratua aldi baterako eten diete (iaz baino %53 gutxiagori), 1.530i lanaldia jaitsi diete (-%52), eta kalean geratu dira beste 860 (-%41).

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 75 lan erregulazio dosier izenpetu zituzten iragan abenduan. Azaroan baino %103 gehiago, baina 2014an hilabete berean baino %39 gutxiago. Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak emandako datuen arabera, 1.050 langileri eragin diete dosierrek. Horietatik 760ri behin-behinean kontratua eten diete; 227ri lanaldia murriztu diete; beste 63ak, ordea, kaleratu egin dituzte.

Lehen sektorean dosierrik ez

Sektorez sektore begiratuta, aurreko hilabeteetako joerari eutsi diote datuek. Zerbitzuen sektorean egon ziren lan erregulazio espediente gehien (%45,04); industria sektorean izan dira %39,14, eta eraikuntzan %15,40. Lehen sektorean, berriz, abenduan ez zen erregulazio dosierrik sinatu.

Gaur-gaurkoz, 406 espediente daude indarrean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 3.563 langileri eragiten diete. Eusko Jaurlaritzak, orotara, 695 erregulazio dosier jaso ditu 2015ean, eta jakinarazi du gehientsuenak Arabako Lautadan, Bilbo Handian eta Donostialdean izenpetu dituztela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.