«Eredu alemaniarra» ezartzea proposatu du Corbachok

Enpresek lanaldia murriztu ahalko lukete, eta lanik egin gabeko orduak Estatuak ordainduko lituzke

Erredakzioa
Donostia
2009ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Elkarrizketa sozialari berriz ekiten diotenean, patronalarekin eta sindikatuekin aztertuko duten lehen gaia enpresetan «eredu alamaniarra» ezartzea izango dela aurreratu du Celestino Corbacho Espainiako Lan eta Immigrazio ministroak. Eredu horren arabera, enpresek lanaldia murriztu dezakete, eta lanik egin gabeko orduei dagokien konpentsazioa Administrazioak ematen die langileei. Corbachoren hitzetan, «adostasun handia egon liteke» sindikatuen eta patronalaren arten, enpresei «lanorduak etetea» ahalbidetzen dien lan sistemari heltzeko garaian.

Alemaniako ekonomiak Espainiakoak baino beheraldi handiagoa jasan duen arren, sistema horri esker langabezia tasa gehiegi ez handitzea lortu dutela azaldu du Espainiako Lan eta Immigrazio ministroak. Egun, 1,5 milioi langileek dute lanaldia murriztuta Alemanian.

Corbachoren esanetan, orain aldi baterako enplegu erregulazioetan erabiltzen den sistemaren antzekoa litzateke Alemaniako eredua. Langileak enpresatik kobratuko lituzke lan egiten dituen orduak, eta lan egiten ez duen orduen truke, Administrazioak ordainduko lioke portzentaje bat. Langileak, bestalde, formakuntzara bideratu beharko lituzke lanik egin gabeko ordu horiek.

Corbachoren arabera, Espainian, krisia dagoenean, enpresa guztiek lan taldea murrizteko joera dute gaur egun. «Kasu horietan, aldi baterako kontratua duten langile guztiak kalera joaten dira zuzenean. Beste ekonomietan, ordea, langileak kaleratzea azken aukera gisa hartzen dute. Tarteko neurriak ere egon behar dute». Dena dela, eredu alemaniarra industria sektorerako eta «gutxieneko tamaina» bat duten enpresetarako pentsatua dagoela argitu du Corbachok, eta ez dela aplikagarria zerbitzu edo eraikuntza sektoreetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.