Mobilizatzeko garaia da, greba orokorrera deitu duten sindikatu eta gizarte eragileen ustez. Agintari ekonomiko eta politikoek hartu duten bidea iraultzekoa. Izan ere, egungo krisi ekonomikoa gainditzen denean bestelako eredu sozial bat izango dela jakina da, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren hitzetan. Etorkizuneko eredu horren norabidea orain zehaztuko dela ohartarazi du. Horregatik duela berebiziko garrantzia orain indar egiteak: "Etorkizuneko eredu soziala nolakoa izango den dago jokoan". Neoliberalismoaren bidetik hartzen ari diren neurrien aurka "aktibatu" beharra aldarrikatu du. "Herritarrok aldaketa prozesu bat bultzatu eta burura eramateko gai bagara, asko dugu irabazteko".
Grebak eredu sozialaren aldeko borroka indartuko duela seguru dago LABeko burua. Eta grebaren ondoren ere "agenda sozialak" jarraipena izango duela. Gutun sozialaren inguruko elkarlana izango du, horregatik, jomuga nagusi.
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren iritziz, neoliberalismoak herritarrei bidaltzen dizkien "desesperazio mezuei" aurre egiteko garaia da. Eskubide eta politika sozialen murrizketa gehiago etorriko direla iragarri du Muñozek, baina bide hori aldatzea posible dela adierazi du.
ELAko buruaren iritziz, botere ekonomiko eta politikoek badakite herritarren aktibazioa dela aldaketarako gakoa, eta horixe saihestu nahian ari dira. Grebaren baliagarritasuna zalantzan jartzean, esaterako, herritarren artean "jarrera axolagabea" sustatu nahi dute, "indibidualismoan eror" daitezela. Mobilizazioa saihesteko "beldurra" eragiten ari direla ere salatu du. Eta ez makurtzeko eskatu du. Kapitalaren saio horiei aurre egin eta kaleak betetzeko. Areago, Muñozen ustez, egungo egoeran grebarako deia egitea da "arduraz jokatzea".
Aberatsak aberastuz
Datu batzuk plazaratuta marraztu du Etxaidek egungo errealitatea. IBEX 35eko enpresek iaz 25.000 milioi euroren irabaziak izan zituztela gogoratu du, eta handiagoak espero dituztela aurten, 35.000 milioirenak. 35 enpresa horietatik %94k zergak saihesten dituztela, egoitzak dituztela zerga paradisuetan. Espainiako barne produktu gordinaren %4 baino gehiago, 40.000 milioi euro inguru, "zilegi ez den zor baten interesak ordaintzera" bideratzen dela. "Eta estatu hori da aberats eta txiroen arteko aldea gehien handitu den lekua".
Egoera hori izanik, herenegun pentsio erreforma berriaren traza nagusiak plazaratu zirela azaldu du, eta "lotsagarria" dela irizpidea: "Antza denez, pentsioa jende gehiegik jasotzen duela, gehiegizko pentsioak direla eta denbora gehiegiz jasotzen direla da jasanezina, eta ez politika honi esker elite ekonomikoa gero eta aberatsago egiten ari dela".