Garrantzi handia eman dio Lakuako arratsaldeko bilerari Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak, Euskadi Irratian. Jaurlaritza, Gipuzkoako Diputazioa, Debagoieneko alkateak, Basaurikoa eta Azpeitikoa, eta Mondragon taldearen ordezkariak eseriko dira mahai inguruan. Bileran ez da dena erabakiko, "oso erabaki garrantzitsuak" hartu behar direlako, baina "bide bat markatuko du". Bidea zein ez den izango, hala ere, esan du Erkorekak. "Diruz laguntzea debekatuta dago", Europako Lehia Legearen kontra doalako, eta epe ertainera eta luzera egoera "okerragotuko" lukeelako, gainera. Beste modu batera lagun dezake Jaurlaritzak: "Lanik gabe gera daitezkeen langileen prestakuntza programak eskainiz", besteak beste. Azken finean, "eskura duen laguntza emateko prest" dago Gasteizko gobernua.
Jaurlaritzak gaur ez du plan zehatzik aurkeztuko, ez taldearen ez langileen etorkizunari begirako estrategiarik, uste baitu lan hori Mondragon Taldeari dagokiola. "Taldeak zein jarrera hartzen duen ikusi behar da, eta zeresana duten guztiek mahai batean gogoeta egin behar dute, krisi honek euskal ekonomian ahalik eta eragin ezkor txikiena izan dezan". Mondragon Taldea ate asko jotzen aritu dela-eta zer duen esateko garrantzitsua dela uste du.
"Ez dakigu zer eskatu dion Madrili", adierazi du, baina gogorarazi finantza arautegi guztiak Espainiako Gobernuan daudela. Gipuzkoako Diputazioak egindako proposamenari buruz, berriz, hauxe esan du: "Gauza bat da komunikabideen aurrean esaten dena, eta beste bat bestela esaten dena", eta eskatzen dituen trantsizio plana eta finantzaketa plana aztertu beharko direla. Aipagai izan du Mondragon taldearekin orain arte izan duten harreman gorabeheratsua ere. "Susmoa" dauka taldeak datu batzuk "gorde" egin dituela.
Aspaldiko arazoa
"Gobernuan sartu aurretik ere", alegia, PSE-EE gobernuan zela arazoa bazegoela-eta Fagor Etxetresnetan —egunotako EAJren eta PSE-EEren arteko ika-mika—, honela azaldu du: "Sorpresa ez da izan, eta aurretik izan zirenentzat ere ez. Enpresako ordezkariek aspalditik azaldua zuten". Baina neurriak ez dira nahikoak izan, eta "zoritxarrez urteko notizia ekonomikorik okerrena da". Orain, berriz, "gordintasunez, leialtasun osoz hitz egin behar da, inork ezin pentsa zezakeelako konkurtso bidea har zezakeela Fagorrek".