Ermuko ZF Lemforder TVAko langile batzordeko bederatzi kideak itxialdia egiten ari dira. Atzo hasi zuten, eta gaur bertan amaituko dute. Ekimen horren bidez erakutsi nahi dute zuzendaritzak proposatu duen enplegua erregulatzeko dosierraren kontra daudela.
Hori onartuz gero, irailetik aurrera hasiko dira aplikatzen, 2010eko ekainera bitartean.Denbora tarte horretan langile bakoitzak 60 eta 90 lanegun gutxiago edukiko ditu, eta lan talde osoari eragingo dio; alegia, 145 langileei.
ELA, LAB, Euskadiko CCOO eta UGT-Euskadiko ordezkariak dira itxialdian daudenak, baina atzo, beste 50 bat langileren babesa ere jaso zuten. Izan ere, ordubeteko elkarretaratzea egin zuten lantegiaren aurrean. Gaur ere enpresaren aurrera bilduko dira.
Sindikatuek adierazi dutenez, metal arloko enpresaren bideragarritasuna ez dago arriskuan. Eta aurretik, gainera, lan taldea txikitzeko beste neurri batzuk ere hartu dituela salatu dute: bost langileren erretiro aurreratua, eta pizgarriekin eginiko kaleratzeak onartzea, besteak beste.
Erantzunaren zain
Sunsundeguiko langileak, bestalde, Nafarroako Gobernuak enplegua erregulatzeko dosierraren inguruan hartuko duen erabakiaren zain daude. Ekainaren 14an amaitu zen 77 langile kaleratzeko eta 113ri kontratua eteteko negoziatzeko epea sindikatu eta zuzendaritzaren artean.
Hain zuzen, LABek txosten hori atzera botatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Izan ere, zuzendaritzaren «gestio txarrarengatik eta arduragabekeriagatik» enpresa dagoen egoeran dagoela uste du. Hala, zuzendaritzak dimisioa aurkezteko eskatu du.
Ermuko Lemforder TVAn itxialdia hasi dute dosierraren aurka
Sunsundeguiko zuzendaritzak dimisioa aurkezteko eskatu du LABek, gestio txarra egiteagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu