Eibarrera hurreratu ahala, El Corte Ingleseko aparkalekura nondik joaten den dioten kartel horiak ikus daitezke bazter guztietan. Ez dago galbiderik. Orain aurrera, gero eskuinera, gero berriz aurrera... Eta, bat-batean, han ageri da marmol zuriz egindako eraikin erraldoia. Kanpoaldean handia da jendearen joan-etorria. Batzuk barrura doaz, besteak handik datoz. Batzuk poltsak eskuan, beste zenbait esku hutsik.
Aparkalekura sartu orduko antzeman daiteke egun berezia dela. Lurpeko lehen bi solairuak leporaino beteta daude. Eta traje eta gorbataz jantzitako gizonak ari dira autoei non aparkatu behar duten erakusten. Saltoki barrura sartzean, ez da gutxiagorako. More koloreko alfonbra batek egiten die ongi-etorria merkataritza gune berrira datozenei. Eta ez dira bat edo bi, ehunka baizik.
Sartu orduko suma daiteke Gabonetako giroa, apaingarriak eta argiak alde guztietatik zintzilik. Dena dago zainduta, dena dago txukun, azken xehetasuneraino. Eskailera mekanikoetan jende andana dabil gora etabehera, erdi galduta, gauza bakoitza non dagoen dioten kartelei kasu handirik egin gabe. Gizon eta emakumeak; haurrak, gazteak, helduak eta erretiratuak; familiak, bikoteak eta lagun taldeak... era guztietako jendea dabil.
Pilar eta Kontxi Urkola, esaterako, ahizpak dira, Bergarakoak, etxekoandreak eta 60tik gora urtekoak biak. «Azken egunotan behin eta berriz entzun dugu irratian gaur zabalduko zutela El Corte Ingles berria, eta goiz-pasa etortzea pentsatu dugu», dio Pilarrek. Erostera baino gehiago ikustera etorri direla diote, baina ezin eutsi tentazioari. «Gabonak datozela-eta, bilobei eta seme-alabei opariak egiteko ideia bila etorri gara, baina, azkenean, geure buruari egingo diogu oparia». Lehen, noizean behin Bilboko El Corte Inglesera joaten ei ziren erosketak egitera, baina aurreratzean Eibarrera etorriko direla diote, eurentzat askoz gertuago dagoelako.
Inguruko ostalariak pozik
Bezeroak pozik, eta ostalariak ere bai, merkataritza gune berria irekitzeak herrira jende gehiago ekarriko duelako. Eibarko Arkupe kafetegian, adibidez, ohi baino jende gehiago sartu-irten da goizean. «Oñatiko eta inguruko herrietako jendea izan da gosaltzen, denda zabaldu aurretik», azaldu du zerbitzari batek. Arkupe Eibarko plazan dago, El Corte Inglesetik bost minutu baino gutxiagora oinez. «Hala ere, jende gehiena asteburuan etorriko dela uste dugu, batez ere larunbatean». El Corte Inglesen iragarpenak betetzen badira, lehendabiziko asteburuetan egunean 20.000 lagun hartuko dituzte.
Arkupeko zerbitzariaren hitzetan, «guretzat denda berriaren onena aparkalekua da, Eibarren behar handia baitago». Eta El Corte Inglesen eraikin berriak 700dik gora auto hartzeko lekua du. «Pentsatzen dugu El Corte Inglesera eguna pasatzera datorrenak gero kaletik buelta bat emango duela».
Hain zuzen, horixe da Eibar Merkataritza Gune Irekia izeneko elkarteak duen erronka nagusia, El Corte Inglesek erakartzen dituen bezeroak herriko gainerako denda txikietara ere gerturatzea. Leire Ojanguren elkarte horretako kidea da, merkatariei aholkua emateko zerbitzuaz arduratzen da, eta orain Gabonetarako kanpainak antolatzen buru-belarri ari direla dio. «El Corte Ingles berria oztopo bat baino gehiago aukera bat da Eibarko merkatari txikientzat. Jendea erakartzen asmatzea izango da».
Horretan bat dator Diego Copado El Corte Ingleseko kanpo harremanetarako zuzendaria ere. Euren helburua merkatari txikiekin «lehiatzea» dela baina «aldi berean herriaren eta inguruan motorra» izatea dela azaldu baitzuen asteazkenean komunikabideen aurrean egindako aurkezpenean.
Ojangurenen iritzian, arazorik handiena merkataritza gune berriaren kokalekua da. «Merkataritza gune gehienak ez bezala, El Corte Ingles berria herrigunean bertan dago, baina egia da herriaren ertz batean dagoela». Hori horrela, hara doazenei erdigunera gerturatzeko arrazoiak eman behar dizkietela dio.
Euskal Herriko laugarrena
El Corte Ingles Europako banaketa enpresa handiena eta munduko bigarrena da, AEBetako Searsen atzetik, iaz 17.362 milioi euroren salmentak egin zituen. Orotara 75 merkataritza gune handi ditu, horietatik lau Euskal Herrian - Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Eibarren-. Portugalen ere baditu bi denda, eta Italiako merkatura sartzekotan dago orain.
Baina, handitasunak handitasun, El Corte Inglesek ere ezin izan du krisiaren atzaparretatik ihes egin, eta iaz 382 milioi euroren irabazi garbiak poltsikoratu zituen, duela bi urte baino %47 gutxiago. Hain zuzen, saltoki handiak dira taldearen irabazien erdia baino gehiago sortzen dutenak. Baina taldeak beste hamaika negozio ere baditu, hala nola Hipercor hipermerkatuak, Opencor supermerkatuak, bidaia agentziak, aseguru etxeak, Sfera arropa marka...
Guztira, lanaldi osoz aritzen diren ia 100.000 langile ditu: horietatik 4.200 Euskal Herrian, eta 400 Eibarko saltoki berrian. Dena dela, beste ehundik gora lanpostu sortuko ditu berari lotutako jardueretan, eta asteburuetan eta Gabonetan aparteko langile gehiago kontratatzeko asmoadu.
Taldeak laurogei milioi euro ibertitu ditu Gipuzkoako lehen saltoki handia eraiki eta haren inguruak urbanizatzen, eta 210 milioi euroko negozioa sortuko duela esan die Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen hornitzaileei.
Erosketa eguna Eibarren
El Corte Inglesek Gipuzkoan zabaldu duen lehen saltoki handiak jende asko erakarri du lehen egunean. Hori lagungarri izango zaiela uste dute inguruko merkatariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu