Ekonomia

Eroski eta Fagorren ekarpenen kaltetuek "boikota" egingo diote Kontsumobideren bitartekaritzari

Mondragon taldeari eskatu diote euren diru guztia itzultzeko.

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko maiatzaren 3a
15:06
Entzun

Kontsumobide Euskal Kontsumo Insitututari ez diote inolako agintaritzarik onartzen Eroski eta Fagorren menpeko ekarpenen auziko kaltetuek. "Erakundeak berak ez du gutxieneko objetibotasunik erakutsi", esan du Jose Ramon Zugadi Kaltetuak elkarteko aholkulariak. Hori dela eta, ez dute onartu Eusko Legebiltzarrak auziaren bitartekaritza lana eman izana, eta "boikota" egingo diotela adierazi dute. Elkartearen arabera, 40.000 pertsonak erosi zituzten ekarpen horiek 2002. eta 2007. urteen artean, eta denera Fagor eta Eroskik 800 milioi eurotik gora saldu zituzten. Kaltetuak elkarteak 1.000 pertsona inguru biltzen ditu, eta martxoaren hasieran bitartekaritzaren ardura Kontsumobideri eman ziotenetik 167 pertsona joan dira.

Zugadi harago joan da: "Pertsonalki, Belen Greavesen [Kontsumobideko zuzendaria] dimisoa eskatzen dut". Elkartearen izenean, ordea, ez dute mezu bateraturik eman: "Hori eztabaidatzea baino gauza hobeak baditugu egiteko", esan du. Greavesek aste honetan egin dituen adierazpenen arabera, kooperatibek dena “ongi” egin dute, eta horrek objektibotasun falta erakusten du elkartearen arabera. "Ongi egin zutela egia da, legeak babesten zituelako. Baina Hitlerrek ere legeak bere alde zituen, eta horrek ez du esan nahi lege guztiak onak direnik". 2000. urtean Eusko Jaurlaritzak kooperatiben legea aldatu zuen, eta horren arabera menpeko ekarpenak jasotzeko aukera ematen zioten. 2007ra arte aritu ziren jardun horretan, eta kooperatibek dirua irabazi ala galdu, ekarpendunen interesak bermatuta daude. Horren adierazle, azken bost urteetan 173 milioi euro banatu dituztela interesetan.

Arazoa, ordea, ez da hori. Kaltetuak elkarteko kideek salatzen dutenez, produktu hori eskaini zuten bankuek —Euskadiko kutxa, Santander eta BBVA— ez zituzten ekarpenen baldintzak behar bezala azaldu. Errenta finkoko produktuak dira saldutakoak, baina, Zugadik dioenez, ez zen hori adierazi. Ondorioz, orain diru hori atera nahi izanez gero, “jarritako diruaren %40 soilik itzultzen dute”. Horregatik, jarri zuten diru guztia itzul diezaietela eskatu diote Mondragon taldeari. "Dirua itzultzen digutenean, presioa egiteari utziko diogu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.