Ekonomia

Eroskik %18,35 gutxitu ditu galerak lehen sei hilabeteetan

Iazko lehen erdian 48 milioi euroko galerak izan zituen Mondragon taldeko enpresak eta aurtengoan 39,2 milioikoak. Fakturazioan berriz, %5,6 egin du atzera; eta zorrari dagokionez, 60 milioi euro amortizatu ditu lehen seihilekoan, emaitza operatiboak %73 handituta.

xabier martin
2013ko irailaren 27a
15:49
Entzun

Eroskiren emaitzen galerak % 18,35 murriztu dira aurtengo lehen seihilekoan. Mondrago taldeko saltoki multzoak  39,2 milioi euroko galerak izan ditu guztira; iazko epe berean 48 milioi eurokoak izan zituen. Enpresak dioenez, hori gertatu da, batetik, gastuak doitu egin direlako, eta salmenten kopuru globalaren murrizketa orekatzea ahalbidetu delako. Bestetik, emaitza operatiboa nabarmen hobetu delako, aurten bertan onartutako 2013-16 aldirako Plan Estrategikoan zehaztutako lehen jardueren ondorioz. Emaitza operatiboak oso hobekuntza handia izan duen arren (% 73), finantza-emaitzan 6 milioi euroko galerak egon dira. Halaber, 60 milioi eurotan murriztu du Eroskik finantza-erakundeekiko daukan zorra, zehaztutako amortizazio-planari jarraiki.

Edonola ere, emaitza operatiboen datua nabarmendu du zuzendaritzak. "Emaitza operatiboak hobetuta itxi du Eroskik ekitaldi honetako lehendabiziko seihilekoa, 30 milioi eurotara iritsi baitira; hau da, aurreko ekitaldian lortutako 17,3 milioi euroekin alderatuta, % 73,4 gehiago. Datu horiek enpresaren jarduera indartsu dagoela erakusten dute, eta zerikusi zuzena daukate gastuetan izandako murrizketa handiarekin".

Zurekin ereduko denda berriaren ezarpenak lortutako emaitza "ona" azpimarratu dute, era berean; "eredu hori, pixkanaka, hipermerkatuen eta supermerkatuen merkataritza-sare osora zabaltzen hasi da". Hala, salmentek % 8,78 egin dute gora dagoeneko eraldatutako supermerkatuetan, eta % 10 hipermerkatu berrietako produktu freskoen ataletan.

Nahiz eta emaitza operatiboa "nabarmen handitu" den, egungo egoera larriak islatu dira fakturazioan, "ondorio txarrekin": aurreko ekitaldiko lehen seihilekoarekin alderatuta, % 5,6 txikiagoa da aurtengoa (3.292 milioi euro guztira, bigarren seihilekoan). Fakturazioaren beherakada are nabarmenagoa izan da hipermerkatuetan elikagaiei ez dagozkien ataletan. Nolanahi ere, beherakada hori "erabat konpentsatu" dela dio Eroskiko zuzedaritzak "barneko gastuak doituta", batez ere prozesuen "eraginkortasuna" hobetu delako. Izan ere, garraio-gastuak, alokairuak eta langileen gastuak nabarmen murriztu dira. Langile guztiek batez beste soldatak % 7 murrizteko konpromisoa hartu zutela ezin da ahaztu. Horri guztiari esker, gastu operatiboa 72 milioi euro murriztu da guztira; hau da, aurreko urtearekin alderatua % 8.

Eroskik 2.100 saltoki baino gehiago dauzka bere sarean: hipermerkatuak; center, city, Familia eta Caprabo supermerkatuak; gasolindegiak, bidaia-bulegoak, optikak, kirol-dendak, lurrindegiak eta 21 plataforma logistiko ere bere gain ditu taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.