Eroskik 2014ra arte atzeratu du epe motzeko 1.705 milioi euroko zorra

Ia urtebeteko negoziazioen ostean akordioa lortu du 23 finantza erakunderekin, eta zor gehiena mailegu bakar batean bildu du

jakes goikoetxea
Donostia
2009ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Eroskik zorraren bizkar zorroa arintzea lortu du. Ez zorraren zati handi bat ordaindu duelako, zorraren ordainketa atzeratu duelako baizik. Epe motzera itzuli behar zituen hainbat mailegu pilatu, 1.705 milioi euroko mailegu bakar batean bildu eta 2014ko urtarrilerako bueltatu beharko du. 23 finantza erakunderekin lortu du akordioa zorra atzeratzeko. Epe motzerako zorra denez, denbora, baliabide eta lasaitasun gehiago izango du datozen urteetara begirako erabakiak hartzeko. Krisia lasaiago pasatzeko, funtsean.

Atzerapenaz gain, luzerako zor izatera pasa du orain artean «kontratu arrazoiengatik» epe laburreko zor gisa jasota zegoen 790 milioi euroko mailegua. 2014ko irailerako ordaindu beharko du.

Zorra atzeratu du, baina zorra ez da desagertu: zorra 2.495,22 milioi eurokoa zen uztailaren 31n, Balio Merkatuaren Espainiako Batzordearen arabera (CNMV). Zati handiena epe laburrean ordaindu beharrekoa zen. Atzo iragarritako operazioan bertan Eroskik 41 milioi euroko mailegu berri bat jaso du.

Eroskiren esanetan, 1.705 milioi euroko zorra ordaintzeko egutegia egokitu dute bere jardueraren diru sarreren aurreikuspenetara. Horrela, egonkortasuna eta «konfiantza» lortu ditu datozen lau urteetan egin beharreko aldaketak eta inbertsioak egiteko.

Eroskik hilabete luzeetako negoziazioaren ostean lortu du epe motzerako zorra atzeratzea. Urte hasieran Goldman Sachs kontratatu zuen, negoziazioetan aholkularitza eskaintzeko.

Capraboren zama

Zorraren zati handiena Caprabo erosi izanak eragin du. Eroskik 2007an erosi zuen, 1.125 milioi euroren truke, Herrialde Katalanetako Caprabo supermerkatu katearen %75. Bere zabalkundea eta merkatua handitzeko erosi zuen, Herrialde Katalanetan eta Madrilen batez ere. Caprabo erosi zuenean, Eroskik bost supermerkatu baino ez zituen Katalunian.

Baina Eroskiren kasuan Caprabo erosi izanak eta krisiak bat egin dute. Constan Dacosta Eroskiko presidenteak berak aurtengo irailean onartu zuen ez zutela Caprabo erosiko krisiaren berri izanez gero: «Ez genekien krisia zetorrenik. Jakinez gero, atzera egingo genuen». Hala ere, ekitaldi berean kontrakoa ere esan zuen: «Krisiaren beldurragatik Caprabo ez erostea erabaki txarra izango zen. Asmatu dugu».

Krisiaren ondorioz zailagoa baita Capraboren erosketa errentagarria egitea. Krisiak murriztu egin du kontsumoa. Kateen arteko lehiak banaketa enpresak prezioak murriztera behartu ditu, irabazi tarteak txikituz. Eroskik zehaztu du aurtengo lehen erdian bere bezeroek 97 milioi euro aurreztu dituztela prezioetan egindako beherapenei esker.

Eta Eroskirentzat inbertsio urteak izan dira, dendak berritu eta berrantolatu egin baititu, bai bereak, bai Capraboren eskutik jasotako 500 dendak ere. Denda berriak ere zabaldu ditu: iaz 164 saltoki zabaldu zituen, inoiz baino gehiago. 2006tik 2008ra, Capraboren dendak aintzat hartu gabe, 400 denda berri baino gehiago ireki zituen.

97 milioi euroren galerak

Guztiaren ondorioak emaitzetan nabaritu dira: Eroskik 97 milioi euro galdu zituen iaz -40 urteko historian lehen aldiz-, horietatik 88,8 bigarren erdian. Aurtengo lehenengoan 46 milioi euro galdu ditu. Iaz salmentak %18 handitu zituen, baina, hala ere, urtea galerekin amaitu zuen. Taldearen enpresa nagusiak, Eroski Kooperatibak (hipermerkatuak eta supermerkatuak), 208 milioi euroren irabaziak izan zituen.

Horregatik, Constan Dacostak onartu du atzerapenez gain neurri gehiago hartu beharko dituztela zorra txikitzeko. Ohiko diru sarreren bidez gastu guztiak ordaindu ezin dituenez, ez ohiko diru sarreretara jo behar izan du. Saltoki handiak eta «aktibo ez estrategikoak» salduz, esaterako. Eroskik hainbat saltoki handi, denda eta logistika zentro saldu ditu jada. Kasu batzuetan, saltokia saldu arren, bertan jarraitzen du, errentan hartuta, luzerako kontratuen bitartez.

Zenbait salmenta, ordea, atzeratu egin behar izan ditu, krisiarengatik: erosteko interesa dutenek dirua lortzeko zailtasunak dituztelako edota jasotzen dituen eskaintzak oso apalak direlako.





############



Eusko Jaurlaritzak 12 milioi euroko bermea eman die Fagor Etxetresnei

Mondragon taldearen barruan, Eroski ez da bere zorra negoziatzen ari den enpresa bakarra. Fagor Etxetresnak ere horretan ari da. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren esanetan, Fagor Etxetresnak negoziazio horietan ez du lortu bere inbertsio planari aurre egiteko adina diru. Horregatik, Fagor Etxetresnak berme bat eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, eta Eusko Jaurlaritzak eman egin dio.

Bermea 12 milioi eurokoa izango da, eta Fagor Etxetresnen Encastre proiektuko ohiko diru premiak asetzeko erabiliko da, jada hartutako konpromisoak betetzeko. Fagor Etxetresnak 65 milioi euro inbertituko ditu datozen urteetan Encastre proiektuan. Fagor Etxetresnak hiru urtean itzuli beharko du Eusko Jaurlaritzak emandako bermea.

Eusko Jaurlaritzaren esanetan, bermea emateko orduan aintzat hartu dute Fagorrek bertako ekonomian duen garrantzia, nazioartean duen presentzia eta bertako langileen egonkortasuna.





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.