Emaitzak beltzez marraztea lortu du Eroskik urte askoren ondoren. 2016. urtean ere emaitza positiboa izan zuen, baina bakarrik kooperatibak berak, negozio tradizionalak alegia. Azken urtean, berriz, Eroski talde osoak lortu ditu mozkinak. 33,2 milioi euroko irabazia erregistratu du taldearen jarduerak, ia 5.505 milioi euroko salmentak egin ondoren (BEZa gabe, 4.792). Fakturazioak behera egin du aurreko urtearekin alderatuta (-%7,2), baina onura operatiboak edo ohiko jarduerak gora (%0,3, 137,4 milioi euro). Zerga aurreko emaitza 55,6 milioi euroko irabazia da, %5,7 gehiago. Zerga ondorengo 2016ko azken emaitzarekin konparatuta, 56 milioiko aldea dago. Kooperatiba nagusiak, bere kabuz, hamaihiru milioi euroko irabazi garbia lortu du.
Elorrioko kooperatibak CNMVri helarazitako informazioaren arabera, 2017ko ekitaldian, 167 milioi euro murriztu du finantza zorra. Azken hiru urteetan 646 milioi eurora iritsi da zorraren amortizazioa, eta agindu bezala bete ditu finantza erakundeekin hartu zituen konpromisoak. "Gaur egun Eroskik negoziazioari ekin dio palanka-efektu finantzarioa erritmo egokian nola egin adosteko, baliabideen sorrerak eta 2019ko uztailetik aurrera, inbertsio proiekzioak eskatzen duten erritmoan".
61 denda berri ireki ditu
Agustin Markaidek gidatzen duen enpresaren eraldatze planak aurrera jarraitzen du, eta dagoeneko belaunaldi berriko 600 denda baino gehiago ditu Zurekin ereduaz (31 hipermerkatu eta 570 supermerkatu), eta elikadura arloan dituen salmenta guztien %65 egiten dira horietan. Sare komertziala Zurekin eredura eraldatzeko planaren barruan, ehun denda berri gehitu ditu 2017ko ekitaldian.
Bereziki nabarmentzekoa da 61 denda berri ireki dituela iaz, eta horrek sendotu egin du sare komertziala birmoldatzeko prozesua. Guztira, 50 supermerkatu berri ireki ditu, 2 hipermerkatu berri, Galizian eta Melillan, zazpi Forum Sport kirol-denda, eta Dooers marka berriko denda bat, gasolindegi bat eta bidaia bulego bat. Inbertsioa 106 milioi eurokoa izan da 2017an, denda propioetan egina eta frankizia erakoetan.
Guztira, sei milioi dira Eroskiren bazkide bezeroak, Eroski Club txartelaren, Caprabo txartelaren eta Forum Sport txartelaren jabeak. 2017. urtean , taldeak 260 milioi euroko transferentziak egin ditu eskaintza eta sustapenetan, gero eta era pertsonalizatuagoan.
Lehen banaketa taldea da Eroski Euskal Herrian, eta erreferentziazko eragilea Galizian, Hego Euskal Herrian, Katalunian eta Balear Uharteetan. 1.651 saltokiko sare komertziala du. Saltoki motari dagokionez, baditu supermerkatuak, hipermerkatuak eta cash & carry-ak eta, horrez gain, gasolindegiak, bidaia bulegoak eta kirol ekipamendurako dendak ere bai (Forum Sport). Sei milioi bezero-bazkide baino gehiago ditu, eta 33.800 kooperatiba-bazkide, langile eta frankizia-hartzaile.