LAN MERKATUA

Eroskik 400 langile kaleratu nahi ditu Caprabon

Elorrioko kooperatibak gastu murrizketa handia egin nahi du Caprabo adarrean. Antolaketa berri baten bidez dendetako 1.000 arduradun kendu nahi ditu. Aurtengorako hitzartutako soldata igoera bertan behera utzi nahi du, eta soldata %3 eta %20 artean txikitu nahi die 3.000 langileri.

Berria.info
2013ko otsailaren 5a
19:47
Entzun

Sindikatuetako iturriek Efe agentziari esan diotenez, aurten salmenten jaitsiera espero dutela esanez justifikatu du Eroskik Caprabon egin nahi dituen murrizketak. Betiere sindikatuen arabera, antolaketa sistema berria ezarri nahi du Eroskik Capraboren dendetan, eta horrekin mila arduradun egongo lirateke sobran. Haietatik 600 beste lanpostu batzuetan kolokatzeko asmoa adierazi du kooperatibak, baina 400 kalera joango liratekeela diote sindikatuek. Eroskiko iturriek zehaztu diote Eferi artean ez duela erregulazio espedientea aurkeztuko, eta negoziatzeko epea zabalduko duela.

Sindikatuek kalkulatu dute Caprabok dituen 8.600 langileetatik 3.000ri eragingo dietela soldata murrizketak, hau da, lan itunen gaineko soldatak dituztenei. %20ko txikitzea soldata handienentzat proposatu du Eroskik, eta %3koa urtean 17.000 euroren soldata gordina dutenentzat.

Kataluniako CCOOk ziurtatu du murrizketak "neurriz kanpokoak" direla, eta langileek beren soldatak txikitzeko ahalegin handia egin dutela azken urteotan.

Caprabo 1959an Katalunian sortutako supermerkatu katea da, eta han ditu bere denda gehienak ere. Nafarroan 30en bat  supermerkatu ditu, 2002an Nekea kateari erositakoak. Iruñean eta inguruko herrietan daude gehienak, baina baita Tuteran eta Azkoienen ere.  Eroski 2007an sartu zen enpresan, akzioen %75 erosita. 2011an Caixak zuen zatia erosi zuen eta 2012an Bonet familiaren esku zegoen, eta gaur egun jabe bakarra da. Erosketa hori egiteko eskatu beharreko maileguek kooperatibaren kontuak zamatu ditu, eta Eroskik izan dituen galeren arrazoi nagusietako bat dira. Zorra itzultzeko epeak luzatu berri ditu Eroskik. 

2011an 1.485 milioi euroko fakturazioa izan zuen Caprabok, eta 8,5 milioi euroko irabazia. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.