Ekonomia

Eroskik itzuli egin beharko dio BBVAri menpeko ekarpenen dirua

Bermudez epaileak aldatu egin du hasierako epaia, bankuaren eskaerei men eginez.

Miren Garate.
2014ko otsailaren 26a
08:59
Entzun

Iritziz aldatu du Marcos Bermudez epaileak. Hasiera batean errugabetu egin zuen Eroski finantza ekarpenen auzian, baina orain esan du kontratuen eteteek eragindako "ondorioen parte bat" bere gain hartu beharko duela. Auto argigarri baten bidez, Eroskiri agindu dio dirua itzultzeko BBVAri, hark 68 bezerori ekarpenen truke ordaindu beharreko kopurua hain zuzen, "interes eta komisioak kenduta". Eroskik, ordea, kalte-galerengatik dirua erreklamatu ahal izango dio finantza erakundeari, haren komertzializazio moduak eragin zuelako ekarpenak bertan behera geratzea.

Urtarrilaren 27ko ebazpenean, Bermudezek azaldu zuen Eroskik jaulkitako finantza ekarpenak ez zirela engainuzko publizitate baten bidez merkaturatu, eta haien kontratazio baldintzak ez zirela abusuzkoak izan. Finantza produktuak saltzean, ordea, bezeroek ez zutela nahiko informazio jaso, eta ez zutela erosten ari ziren horren betikotasunaren berri eduki erabaki zuen. Horregatik, Bilboko Merkataritza arloko 1. epaitegiko Marcos Bermudez titularrak BBVA zigortu zuen. Adicae elkartearen auzi eskearen barruan dauden 68 bezeroei ekarpenen truke ordaindutako diru guztia itzuli beharko ziela zioen, baita kudeaketak sortutako gastuak eta komisioak ere.

Auto argigarriaren berri izan ostean, "pozik" agertu da BBVA. Esan du argi geratu dela ez diela batere ordaindu beharko ekarpenak beste erakunderen baten bidez eskuratu zituztenei, ezta balio horien tituludun izatea egiaztatu ez dutenei ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.