Ekonomia

Eroskik nabarmendu du bankuen "babes osoa" duela

Urtarrilean 22 bankurekin 2.500 milioi euroko zorra berregituratu arren, orain Espainia hegoaldeko bere higiezinak saltzeko plana ari da negoziatzen bankuekin.

Berria.info
2013ko azaroaren 26a
17:38
Entzun

Eroski taldeak gainean daukan zor handiaren zama arintzen jarraitu nahi du, eta 2011n erosle faltagatik etendako bideari ekin nahi dio orain: bere higiezin batzuk saldu nahi ditu, horrela zorra arintzeko. Joan den urtarrilean 2017ra arteko zorra, 2.500 milioi eurokoa, berregituratu zuen Eroskik 22 finantza erakunderekin, baina berriro hasi ditu negoziazioak hartzekodun nagusiak dituen bankuekin, higiezinak saltzeko programa zelan aktibatu negoziatzeko. Lehiakide batzuk Eroskiren pabilioiak, supermerkatuak, erosteko interesa erakutsi dutela azalten du Mondragon taldeko supermerkatu kateak higiezinen salmenta aktibatzeko bankuetara jo izanak.

Eroskik gaztelera hutsez bidalitako oharraren arabera, 2016ra bitartean supermerkatu saria "optimizatzen" jarraituko du. Horretarako bi ibde landuko dituzte: batetik, negozio garrantzitsuenak indartzea eta, bestetik, "nagusi den zonaldeetan, markaren izenak aitortza handia duen lekuetan eta errentagarritasun handiena duen tokietan" presentzia indartzea. Hau da, penintsularen iparraldean eta Katalunian zentratu nahi du Eroskik, eta krisi aurreko hedapen politikan atzera egin eta penintsula hegoaldean atzera egin, han dituen higiezinak salduz.

Kooperatibak nabarmendu du azken bost urteetn 1.200 milioi eurotan txikitu duela zorra —izan ere, 2005etik 2009ra bitarteko hedapen urteetan 4.700 milioi eurotan zorpetu zen—. Aurtengo lehen seihilekoan, gainera, 60 milioi euroan txikitu du zorra. Zorra txikitzeko helburuarekin urte hasieran onartutako 2013-2016 Plan Estrategikoa bete eta sendotu nahi du Eroskik, eta horregatik hasi du bankuekin higiezinak saltzeko negoziazioa.

Aldi berean, 'Zurekin' supermerkatu eredua indartzen ari da konpainia, "tokiko produktu freskoen aldeko apustu handiagoa bat eginez, eta prezio apalagoen aldeko apustua eginez". Eredu horrekin zabaldutako hamabi dendek bezero kopurua %10 handitzea eta salmentak %9 igotzea lortu duela azaldu du Eroskik. Bestetik, "nagusi den zonaldeetan" supermerkatu sarea indartzen jarraituko duela iragarri du: azken urteetan 200 denda berri ireki ditu, eta daotzen hiru urteetan beste 300 zabaltzeko asmoa agertu du. 

Jaurlaritza, "itxaropentsu"

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, hain zuzen, Eroskiren berrantolaketaren gaineko konfiantza agertu du gaur. Jaurlaritzak badu esperantza Eroskik bankuekin zorra berriz negoziatzea lortuko duela. Erkorekaren esanetan, gainera, gobernuak "arrazoizko itxaropena" du konpainiaren helburuak "epe motzean" beteko direla pentsatzeko. 

Mondragon taldeko kooperatiba da Eroski, eta 38.420 langile ditu guztira: horietatik 12.620 bazkideak. Guztira 2.110 denda ditu, eta 1.467 supermerkatu.

 

  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.