BIZKAIKO BADIA

Erraldoia hasi da lanean

Inauguratu eta handik sei hilabetera heldu da lehenengo gasontzia Bizkaiko Badiara. 'British Innovator' ontziaren atzetik, beste bost helduko dira birgasifikazio instalazioak frogatzeko. Ondoren, ohiko jarduera hartuko du energia proiektu berriak.

Onintza Enbeita
BILBO
2003ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Atzo heldu zen lehenengo gasontzia Bizkaiko Badiara. Otsailaren 26an inauguratu zituzten Zierbenako birgasifikazio eta energia elektrikoa lortzeko plantak. Atzoko gasontziak ekarritako gas likidoa berriro ere gas bihurtuko dute orain. Horrela, inauguratu eta handik sei hilabetera, martxan jarriko dute Bizkaiko badiako birgasifikazio planta.

Uztailaren 23an atera zen Arabiar Emirerrietatik British Innovator gasontzia. EAEn 18 eguneko gas eskaria aseko du orain ekarri duen gasak. BP enpresak eta euskadiko Gas Elkarteak komertzializatuko dute gas hori tratatu eta gero.

Hiru bat egun beharko dituztegasontziak garraiatu duen gas likidoa husteko. Beste bost gasontzi joango dira Zierbenara proba legez. Gero, birgasifikazio guneak ohiko funtzionamendua hartzen duenean, hamar egunean behin helduko da gasontzi bat Bizkaiko Badiara. Ontzi horiek husteko 48 ordu nahikoa izango dituzte beharginek.

Urte amaierarako hartuko dute ohiko martxa birgasifikazio plantak eta zentral elektrikoak. Nahiz eta probetan erabiliko den gasa ere erabili ahal izango den, oraindik ez du egunerokotasunean funtzionatuko. Hasiera batean, urteko hiru milioi metro kubo gas birgasifikatzeko lekua eraiki gura izan zuten, baina gerora, bikoiztu egin dute asmo hori. Horren ondorioz, uste baino proba gehiago egin beharko dituzte hasieran.

Bikoizteak ez du eragingo birgasifikazio planta bera handitzerik, baina kontsumitzeko gasa gordetzeko baporizatzaile gehiago beharko dira. Gehitze edo zabaltze hori ezingo dute guztiz bukatu abendura arte. Gerora, Eusko Jaurlaritzak eta proiektuaren gainerako bultzatzaileek, Frantzia hegoalderako argindarra ekoizteko asmoa daukate, eta horrek, handitze konplexuagoa eragingo du.

Oraingoz, 400.000 metro kubo gas ekoitziko ditu orduko birgasifikazio atalak. Horietatik, urtean 1.000 milioi metro kubo erabiliko dira etxeko kontsumorako, kontsumo industrialerako eta merkataritzarako gas naturala sortzeko. Gainerakoak elektrizitatea sortzeko erabiliko dira. Gerora, eguneko 800.000 metro kubo ekoiztera heldu gura dute enpresa arduradunek.

Likido egoeran eramaten dute gasa Zierbenara, eta han, berriro aire egoerara bihurtu ostean, lau erabilera emango dizkiote: Bizkaiko Badiarako, etxerako, kontsumo komertzialerako eta industrialerako argindarra.

BP, Amoco, EVE, Repsol, Enagas eta Iberdrola izan dira Bizkaiko Badia energia proiektuaren bultzatzaile nagusiak. Amoco enpresak Trinidad eta Tobagon ateratako gasa da, gasontziek Zierbenara eramango dutena. Lucero mendiaren magalean kokatu dute proiektua; Punta Caballosko atrakalekuaren ondoan.

Bizkaiko Badia

Bizkaiko Badiak 230.000 metro karratuko lur eremua betetzen du. Metro horietako batzuk Bilboko Kanpoko Portuko lanetarako materiala atera zen harrobiari kendu dizkiote. Beste zatia, berriz, betelanerako materialarekin irabazi diote itsasoari. 600 milioi eurotik gorako inbertsioa egin dute bertan.

Hasieran berba emandako moduan amaituz gero, Bizkaiko Badia proiektuak amaituta egon behar luke aurtengo urte bukaerarako. Guztiz amaitzen dutenean, eta martxan hasten denean (lehenengo gasontziak eramandako gasa, frogarako da), Euskal Autonomia Erkidegoko elektrizitate hornitzaile nagusi ez bada ere, ia nagusi bihurtuko da Bizkaiko Badia.

Energiaren Euskal Erakundearen iritziz, Badiaren atal biak martxan jartzea, «euskal ekonomiaren lehiakortasunaren hobekuntzan arlo erabakigarria izango da».

Bizkaiko Badiak itsasoz zein gas hodien bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoan behar den beste energia zabalduko dela bermatu gura du. Bide batez, Ezkerraldean lanpostuak sortzeko aukera emango du Bizkaiko Badiak. Hala azaldu dute behintzat energia proiektuaren bultzatzaileek.

Bizkaiko Badiara likido egoeran helduko den gasari aire egoera bueltatu ostean, elektrizitate indarra sortzeko erabiliko dute alboko zentral elektrikoa. Zentral hori, ziklo konbinatukoa da.

Ohiko funtzionamenduan hasten denean, orduko 800.000 metro kubiko gas ekoitziko ditu birgasifikazio guneak. Gas horrek sortuko du zentral elektrikoa bera, baita martxan jartzeko argindarra ere. 800 mega watteko potentzia behar du ziklo konbinatuak, eta birgasifikazioan lortutako gasa nahikoa izango da energia hori lortzeko.

Lortutako argindarrak Euskal Autonomia Erkidegoko eskaria hobeto betetzen lagunduko du. Izan ere, gas naturalaren eta elektrizitatearen kontsumoa hazi egin dira azken urteotan.

Euskal Energiaren Erakundearen datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko eskaria Europakoaren parean dago; Espainiakoa baino gorago. Eskaera horrek, eta gasa hodi bidez zabaltzeak daukan garrantziak bultzatu zituen aipatutako enpresak horrelako proiektu energetikoa egitera.

Bizkaiko Badiako zentral elektrikoak 336 milioi euroko inbertsioa dauka, eta aurtengo urteko lehen hiruhilekoan ipini dute martxan. Apurka-apurka, bere ohiko funtzionamendua hartuko du ziklo konbinatuko zentralak. Izan ere, birgasifikaziorako gunea ohiko jardunean hasten denean ekoitziko du zentral elektrikoak eguneroko lanean beharrezkoa duen energia.

Akziodunen gorabeherak

Argindarra sortzeko zentralaren akzioak hasieratik salduta badaude ere, badirudi, desoreka handia dagoela akziodunen artean. Iberdrolak akzioen %100 erosteko asmoa erakutsi du behin baino gehiagotan, eta BP eta Repsolek eurenak salduko lituzketela azaldu izan dute.

Eusko Jaurlaritzak ere bere parteari eusteko asmoa dauka. Ahal izanez gero, gainera, bere parte-hartzea handitu egingo luke euskal erakundeak. Izan ere, proiektuaren bultzatzaile nagusien artean ibili da hasieratik.

Bizkaiko Badia eraikitzen hainbat enpresa ibili izan dira. Birgasifikazio planta Techigaz, Initec eta Sofregazek eraiki zuten, eta zentral elektrikoa Babcock & Wilcox, Abengoa eta Idomek. Horiexek izan ziren akziodun eta bultzatzaile nagusiek hitzartutako enpresak.

Bestalde, proiektua martxan ipini aurretik, ingurumenean egin litzakeen kalteak aztertu zituzten: uraren eta airearen kalitatea, zarata, ekologian izan dezakeen eragina... enpresa bultzatzaileen arabera, Bizkaiko Badiak egin lezakeen kalterik txikiena egiten du ingurumenean. Dena dela, ez dira bizkaitar guztiak iritzi berekoak. Ekologia taldeek behin baino gehiagotan salatu dute proiektu hori ez dela beharrezkoa.

z

Datua





138.000

British Innovator gasontziak 138.000 metro kubo gas likidotu ekarri ditu Bizkaiko Badiara. Gas horrek aire egoeran beharko duen lekua 60 aldiz handiagoa da.

Ontziaren neurriak: British Innovator-ek 11,3 metroko sakonera, 43ko zabalera, 279ko luzera eta 26 metroko euskarria ditu. Samsung Heavy Industries ontzi enpresan eraiki dute, Korean.

P

ZIKLO KONBINATUA ETA BIRGASIFIKAZIOA



 

Ziklo konbinatuko zentralek erregai fosilen erabilera aurrezten dute





Bizkaiko Badian egin berri duten zentral elektrikoa ziklo konbinatukoa da. Era horretako zentral guztietako moduan, gas naturala da erregai nagusia. Ondorioz, erregai fosil kutsakorren erabilera saihesten da: ikatza, fuel-oila... ingurumenari begira, baditu abantaila batzuk ziklo konbinatuak. Gizarteak behar duen beste elektrizitate ekoizten du, baina garapen eramangarriari ohiko zentralek baino gehiago laguntzen dio. Gainera, espazio aldetik ere, ohiko zentralek baino leku gutxiago behar dute ziklo konbinatukoek. Eraikuntza lanetan ere, ez da hainbesterako apurketarik egiten. Izan ere, ziklo konbinatuko zentralak 30 hilabetean eraikitzen dira, elkarri moldatzen diren moduluz osatuta daudelako. Berotegi-efektua eragiten duten gas gutxiago botatzen ditu ziklo konbinatuko zentralak, elektrizitatea birritan ekoizten duelako: gas naturalaren erreketatik eta harek sortutako gasak ur bihurtuz ateratzen den lurrunetik. Horretarako behar ditu, izan ere, lurrun turbinak. Horri esker, emendio handiagoa ateratzen zaio gas kopuru berari. Gasaren erreketak, tenperatura handiko gasak sortzen ditu. Horiek birarazten dituzte gas-turbinen helizeak. Turbina horiek elektrizitate sortzaileekin lotuta daudenez, elektrizitatea sortzen dute helizeen mugimenduaren indarrari esker.

Lurrunaren zikloan, berriz, 600 gradu inguruko gasak sortzen dira. Hauekin, berreskuratze galdaretako ura berotzen da, eta behin aipatutako tenperaturara heltzean, ura lurrundu egiten da. Lurrun hori lurrun turbinara joaten da, eta hango helizeak mugituz, berriro ere, energia elektrikoa sortzen da.

Birgasifikazioa, berriz, likido egoeran dagoen gasa berriro ere aire egoerara bihurtzeari deitzen zaio. Gas naturalak ez dauka usainik ez kolorerik berezko egoeran. Urpetik edo lurpetik ateratzen denean, zero azpitik 163 gradura jaisten diote tenperatura, eta likido bihurtzen da. Hortik gora, aire egoerara bihurtzen hasten delako. Likido bihurtzeak ahalbidetzen du gas naturala, gas itsasontzietan garraiatzea. Gas naturalak likido egoeran behar duen lekua, gas egoeran behar duena baino 60 aldiz txikiagoa da. Birgasifikaziorako lantegia atrakatzeko lekua, gas likidoa garraiatzeko hoditeria, biltegiratzeko lekua eta gas likidoa berriro ere gas natural bihurtzeko makinek osatzen dute. Hodi kriogenikoetan biltegiratzen da gas likidoa. 55 metroko altuera eta 75 metroko diametroa dute hodiok. Zero azpitik 160 graduan gordetzen dute gas likidotua kriogenozko hodiek. Altzairu kriogenikoz egindako hodiak dira, eta barruan beste hodi bat dute perlitaz isolatuta. Kanpotik ere babestuta daude hormigoizko eta altzairuzko beste hodi batekin. Biltegiratutako gas natural likidoa lurruntzeko, erregulatzeko eta usaina emateko sistemetatik pasatzen denean bihurtzen da, berriro, gas natural. Behar bezala egokitutakoan, gasbideen bitartez banatzen zaie kontsumitzaileei: etxean erabiltzeko, berogailuetarako... Ziklo konbinatuko zentral guztietako erregaia da gas naturala, eta nola hauek ingurumenari begira hobeak diren, bai ziklo konbinatuko zentralak, bai gas naturalaren eskaria, handitu egin dira.

Gasontziak gas natural likidotua ekoizten den lekutik kontsumituko den lekura garraiatzeko prestatuta dauden ontziak dira. Gasa zero absolutu tenperaturan gordetzen dute bidaia osoan. Horretarako, beharrezkoa da ontziak sakonera eta karga gordetzeko leku handiak izatea. Lau hodi kriogeniko izaten dituzte barruan gasontziek, eta zero azpitik 163 gradura gordetzen dute gasa. Hala ere, bidaian zehar, gas likido apur bat beti bihurtzen da aire.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.