Erresistentzia hori 2001eko maiatzean hautsi zen. Hiriko zabalgune berrian, Lakuan, zabaldu zituen ateak Lakua zentruak, Vallehermoso taldearen ekimenez. 17.500 metro koadroko azalera eta 40 denda ditu. Etortzear zegoen aldaketaren aurrerapena besterik ez zen izan.
Hilabete batzuen ondoren, Gorbeia merkataritza gunea, Etxabarri-ibiñan, zabaldu zen. Benetako apustua izan zen, hiriburutik hamar kilometrora kokaturik egoteak bere bideragarritasunari buruzko zalantzak piztu zituen arren. Horrek bai, 60.000 metro koadrorekin, ia Europa osoan gailendu den merkataritza ereduaren erakuslehio garbia zen, eta atzean Carrefour bezalako konpainia handia zuen. Arabar askorentzat aurkikuntza izan zen, nahiz eta antzekoak Euskal Herriko beste toki batzuetan halakoak egon. Ez dituzte, egia esan, erosteko ohiturak gehiegi aldatu. Iragarpen ezkorrak ez ziren bete.
Orain, ordea, gauzak aldatzeko bidean dira. Eroskik eta Gasteizko merkatariek osatzen duten Inalcosa elkarteak Hego Euskal Herriko merkataritzagune erraldoiena zabalduko dute azaroan. Boulevardek 80.000 metro koadro izango ditu, eta 153 denda. Badu besteek ez duten zerbait, ostera: hirian bertan paraturik dago, Zaramaga auzoan.
'Txikiak', erantzuteko prest
Eroskik gidatzen duen proiektuak, zabaldu aitzin ere, efektuak izan ditu hiriko merkataritzan. Horren erakuslerik egokiena Gasteiz On elkargoaren sorrera izan da. Hiri barruko merkataritza suspertzeko eta sustatzeko gerentziak betiko dendak defendatzeko ardura hartu du.
Erantzuna, halaber, auzoetatik iritsi da. Alde Zaharreko merkatariek, hilabetean behin, merkatua kalera atera dute, arrakasta handiz. Boulevard zabalduko den auzoan, Zaramagan, beste elkarte bat sortu da. Auzoak duen merkataritza eta bere beharrak eta gabeziak zehaztuko dituen txostena egiten ari dira. Auzo gehienetan antzeko ekimenak martxan dira, erosleak galtzeko arriskuari aurre egiteko.
Eta baliteke Boulevard azkena ez izatea. Langraitzen 80.000 metro koadroko beste gune bat kokatzeko proiektua geldirik dago, bi inbertsorek kudeaketari uko egin ostean. Solairuak hor segitzen du, erosle baten zain.
Nafarroan betiko merkataritza osasuntsu
La Caixaren urtekari ekonomikoaren arabera, 1997tik 2002ra %6 igo ziren txikizkako saltokiak Nafarroan eta %21 Iruñean. Alta, saltoki handiek begiko dute lurraldea, eta bost proiekturen berri du Azalera Handien Elkarteak
Marka propioak datorren lehiari aurre egiteko
Merkataritzak Gasteizen izango dituen aldaketak ikusita, sektore bakoitzak bere tokia bilatzen du. Hainbat merkatarik Araba tradizioa zigilua bultzatzen ari dira, bezeroari kalitatea eta bertako produktuak ziurtatzeko.
KONTSUMITZAILEEN ELKARTEAK
Beharrezkoa ez zen eta eskaintza gehiago ziurtatzen ez duen eredua, EKAren aburuz
Euskal Herrian merkataritza gune handiek Frantzian edo AEBetan ezarrita zegoen eredua kopiatu dute. Euskal Kontsumitzaleen Elkartea (EKA) oso kritikoa da merkataritza egitura berri hauekin. «Gure beharrak aseta zeuden lehen genituen formula komertzialekin. Etxetik hurbil bazegoen harategia, arraindegia edo okindegia zuen merkatua», azaldu du Koldo Navascues EKAko arduradunak. «Orain, aldiz, behar ez den bidaia bat egiten da, autoak harat eta honat, horrek daukan erregai gastuarekin», gehitu du.
Euskal herritarren kontsumo ohiturak aldarazi dituzte, ezinbestean, merkataritza gune berriek. «Lehen etxetik gertu egunerako erosketa egiten genuen, eta orain astebete edo hamar egunerako. Gainera, aisialdia eta kontsumoa nahastea ez da egokia».
Aisialdi eskaintza bezala ere ez zaio egokia iruditzen. «Pelikula bat ikustera kanpoaldera joan behar duzu. Zentzugabea da, erosoena baita metroa edo autobusa hartzea hirira, aparkaleku edo ilara arazorik gabe».
Navascuesen iritziz, atzetik gabiltza egoera Europarekin alderatzen badugu: «Hiriak berreskuratzeko sekulako ahalegina egiten ari dira, elkarrekin bizitzeko eredu egokiak bilatzen, eta hemen zaharkiturik dauden ereduak kopiatzen ditugu».
Espero zitekeenaren kontra, EKAk ohartarazi du denda gune handiek ez dutela eskaintza oparoa eta ezberdina ziurtatzen: «Elikagaien, zapaten edo arroparen banaketa ikusten badugu, lau talde handi daude, eta produktu jakin batzuen eskaintza gero eta eskasagoa da. Marka zuriak gehiago dira eta barietatea galtzen doa».
Dendari txikien aldetik ere «utzikeria» izan dela uste du Koldo Navascues EKAko arduradunak, eta merkataritza talde garrantzitsuak sortu ahal izateko ez direla gai izan azpimarratu du.
Edonola ere, sistema eraldatuko dela ziurtatu du. «Internet bidezko erosketa sistema onak iritsiko dira, bezeroari banaketa eguneko edozein ordutan ziurtatuko diotenak».