Errausketaren etena

Joseba Barandiaran Andueza.
2010eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Zaborren errausketak su-etenik ez du Gipuzkoan. Burtsan bederen birziklatze edo errebote eguna izan zen atzokoa: 3.308 milioiren salerosketarekin, puntuz puntuko bilketa egin zuen Ibex-35ek (+%2,69) eta aurreko egunetako errausketa eten zuen. Bat-batean indizeko akzio guztiak zabor bihurtu ez diren adierazgarri. Dena den, merkealdiak baliatu nahi dituzten txerritxo ehiztariak dira tiroka dabiltzanak; hortaz, mendian lasai paseatzeko moduan ez gaude. Sakoneko arazoak, egiturazkoak, Euroguneari eta bertako herrien defizitari eragiten die. Santander (+%3,97) etengabe berrerabil daitekeen txerritxo itxuran plazaratu da, aurreko urteko mozkinak %5 handitzeko adorez; BBVA (+%3,22) ere kutsatu zuen. %4na pasako irabaziak izan zituzten Repsolek, Sacyrrek, Popularrek, Enagasek, Gamesak eta Telecincok. Esan nahi baita, Espainia ez dela Alemania, baina ezta Grezia ere. Nahiz eta errazago kutsatuko zaion Mediterraneoko kiratsa.



Santander (+%3,97) Mexiko, Brasil, Erresuma Batua nahiz Espainiako banku garrantzitsuenetarik da. Ehun mila langiletik gora. Eta krisiak krisi, primeran baliatu du bere negozioaren dibertsifikazio hori hiru hilean 2.100 milioi irabazteko.



Petronorren akziodun nagusi den Repsol-YPF (+%4,12) petrolio enpresak 28.500 milioiren inbertsioak egingo ditu 2010-2014 epealdian. Aurtengo lehen hiruhilekoan 688 milioi irabazi ditu, iaz epe berean baino %30 gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.