Erreforma gehiago eskatu dizkie Bruselak Europako gobernuei

Langabezia saria jasotzeko enplegua bilatzea eta ikastaroak egitea proposatu du Bruselak, besteak beste

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak gehiago nahi du. Defizit publikoa azkarrago murriztea, eta egiturazko erreformak eskatu dizkie gobernuei, besteak beste, pentsioetan eta lan merkatuan. Atzo, herrialdeek jarraitu beharko dituzten lehentasunak aurkeztu zituzten Jose Manuel Durao Barroso EBko presidenteak eta Olli Rehn Ekonomia komisarioak, hazkunderako urteko txostenaren barruan.

Defizitari dagokionez, zor publikoa BPGaren %60 baino gehiago den herrialdeetan urtero egin beharreko murrizketa %0,5etik %1era igotzea proposatu du Barrosok. Halaber, finantzaketa arazoak dituzten Europako herrialdeei laguntza emateko sortu zen funtsa handitzea beharrezkotzat jo du. Gaur egun, 750.000 milioi eskura daude, baina ez da benetako kopurua, kreditu kalifikazioari eusteko osorik gastatzea ezinezkoa delako.

Erreformen alorrean, batzordeak pentsioetan nahi dituen murrizketak finkatu zituen Rehnek. Gutxienez, elementu hauetako bat izan beharko dute: erretiro adina atzeratzea, bizi-itxaropenari lotuta; aurrez erretiratzeko sistemak murriztea; eta adineko langileak kontratatzeko pizgarriak, etengabeko prestakuntzarekin batera.

Langabezia murrizteko, lan merkatuetan aldaketa gehiago nahi ditu. Hain zuzen ere, langabezia saria eskuratu ahal izateko enplegu bila aritzea, ikastaroak jarraitzea eta malgutasuna handitzea galdegin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.