Erreformaren bozketaren atarian, giroa ez da lasaitu Frantzian

Findegiak desblokeatzeko agindu du Sarkozyk; hala ere, gasolindegietako hornidura arazoak ez dira konpondu

Miren Garate.
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Biharamuna eta bezpera, biak batera ziren atzo Frantzian. Zazpigarren greba egunaren ajearekin esnatu zen herrialdea, baina Senatuan erretreten erreforma bozkatzeko egun bakarra falta zela ahaztu gabe. Gero eta beroago dago giroa. Astebetean 1.423 pertsona atxilotu dituzte protestekin lotuta; gobernuak, gainera, «beharrezkoa den kasu guztietan» indarra erabiliko duela adierazi du.

Findegietako greba izan da orain artean gobernuaren kezka nagusia. Herritarrei garraioak«oinarrizko askatasuna» ematen diela argudiatuta, guztiak desblokeatzeko agindu zuen herenegun Nicolas Sarkozy presidenteak. Mans, Arroxela eta Dongeskoak atzo goizaldean ireki zituzten, nahiz eta azken hori ordubetera berriro hartu zuten langileek. Eguerdia bitartean Port de Bouc eta Caengo bideak ere zabaldu zituzten. Barne Ministerioaren arabera, ostiralaz geroztik 21 biltegitan esku hartu du Poliziak.

Hala ere, gasolindegien herena baino gehiago, 3.100 inguru, hutsik daude; beste 1.700ek erregairen bat falta dutela azaldu du Jean Louis Borloo Energia ministroak. Findegiak desblokeatu ostean, egoera normaltasunera itzultzea espero du gobernuak, baina oraindik egun batzuk beharko dira horretarako, besteak beste, banatzaile kopuruaez delako hain handia eta desblokeatzeak ez direlako erabatekoak.

Findegien inguruan ez ezik, beste hainbat txokotan ere izan ziren liskarrak atzo. Aipagarria da Lyongo kasua. Bezperan 1.300 pertsona inguruk autoak erre eta erakusleihoak apurtu zituztela eta, 800 poliziako operazioa jarri zuten martxan atzo. Hara joan zen Brice Hortefeux Barne ministroa ere. Irainez hartu zuten, eta haren aurkako oihuak egin zituen gazte talde batek. Frantzia ez dela triskantzak eragiten dituztenena adierazi zuen hark, «jende zintzoarena» baizik. Ondoren, negarra eragiteko gasarekin sakabanatu zituzten 300 pertsona inguru Bellecour plazaren inguruan.

Antzeko irudiak ikusi ziren Nanterren ere, Paristik gertu. Frantziako hiriburuan bertan, aireportuetarako bideak blokeatu zituzten. Era berean, ikasleak ere gero eta aktiboago ageridira protestetan. Hezkuntza Sailak emandako datuen arabera, batxilergoko 180 institutu egon ziren atzo itxita. Unibertsitateetan txikiagoa ari da izaten oihartzuna, 83tik bostetan bakarrik izan ziren eskolak emateko arazoak. Garraioei dagokienez, hegazkinetan nabaritu ziren gehien protestak, eta tren zerbitzuak ere ez zuen ohi bezala funtzionatu.

Bozketa eta bilera, gaur

Erreformaren bozketa gaur gauean egitekotan dira. Baliteke bihar arte edo asteburura arte atzeratzea, 500 zuzenketa ari direlako aztertzen.Halaber, sindikatuek gaur egingo dute bilera, aurrerantzean protestekin jarraitu edo ez erabakitzeko.

Sarkozyk berean tematuta jarraitzen du, eta ez du zalantzarik erreformak bere horretan aurrera egingo duela. «Amaierara arte eramango dut erreforma, nire lana da frantziarrek eta euren seme-alabek erretreta izango dutela bermatzea eta haien maila mantentzea».

François Fillon lehen ministroak ere antzera hitz egin du. Denborarekin kontua baretuko dela uste du. «1993an, 2003an eta 2007an erretreten erreformak izan zirenean ere antzeko erantzuna egon zen: grebak, protestak... Gero, indarrean jarri, eta herritar gehienek onartu zituzten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.