•Zergatik aldatu da Espainiako Konstituzioa defizita mugatzeko? Alemania eta Frantzia abuztuaren 16an bildu ziren. Besteak beste, eurogunea osatzen duten herrialde guztietako konstituzioetan aurrekontu orekaren konpromisoa jasotzea bultzatuko zutela iragarri zuten Merkelek eta Sarkozyk.
•Herrialderen batek indarrean du defizitaren muga? Europan Alemania izan da lehena. Asko jota, defizita barne produktu gordinaren %0,35 izatea baimentzen du. Hori bai, egoera berezi batzuetan defizita handitzeko aukera ematen du.
•Zergatik bultzatu du Espainiak? Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak abuztuaren 23an iragarri zuen, PPrekin hitzartu ondoren. Erreformaren helburu nagusia merkatuek Espainiarengan duten konfiantza faltari aurre egitea izan da, bultzatzaileen esanetan.
•Nola burutuko da? Konstituzioaren erreforma lehen urratsa da. Administrazio guztiek aurrekontu orekari eutsi behar diotela jasoko du 135 artikulu berriak. Hots, ezingo dute diru-sarreren gainetik gastatu. Haatik, Konstituzioak ez du muga zehatzik jasoko, eta ondoren ezarriko da, lege organiko baten bidez.
•Noiz zehaztuko da defizitaren muga? 2012 urteko ekaina baino lehen onartu behar da muga ezarriko duen lege organikoa. PSOE eta PP honezkero ados jarri dira eduki nagusietan. Horren arabera, defizit globalak ezin izango du BPGaren %0,4 gainditu. Estatuarentzat urteko muga %0,26 da, eta erkidegoentzat, %0,14. Tokiko erakundeek ez dute defizita izateko eskumenik.
•Salbuespenak daude? Hiru jasoko dira Konstituzioan. Lehenik eta behin, atzeraldi ekonomikoa edo natura ezbeharrak badaude. Hirugarrena irekiagoa da: «Estatuaren kontrola gainditzen duten aparteko larrialdiak eta estatuaren bideragarritasun ekonomiko eta soziala kaltetzen duten egoerak».
•Noiz jarriko da martxan? Erreforman ezarritako aldaketak 2020 urterako indarrean egon behar dute.
•Euskal erakundeentzat zer esan nahi du? Aurrekontu oreka izatera behartzen ditu aldaketak. Egoera berezietan defizita handitzeko erabakia Kongresuaren eskuetan geratuko da.
Erreformaren gakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu