Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen aginduak ari dira betetzen, eta jada Frantziako 200 erregai biltegietatik gehienak desblokeatu ditu Poliziak. Gaur goizean Christian Estrosi Ekonomia ministroak jakinarazi duenez, hamalau bakarrik daude orain blokatuta. Brice Hortefeux Barne ministroak, gainera, gasolindegien %74 erregaiz hornituta dagoela esan du, eta batere erregairik ez dutenak badaude ere, hainbat astetarako adina badagoela ziurtatu du.
Hala ere, erretreten erreformaren aurkako protestei eusten dioete sindikatuek, eta gaur goizaldean zenbait langilek Marseillako aireportuko sarrera itxi dute. Barne ministroak atzo 245 pertsona atxilotu zituztela jakinarazi du, eta hilaren 12tik atxilotutakoak 1.901 direla jada. Tolosan (Okzitania) goizean goizetik autobusik ez dago, eta hirirako sarbideetan auto pilaketak daude.
Tren garraioari dagokionez, abiadura handikoen zerbitzuaren laurden bat dago etenda SNCF konpainiak jakinarazi duenez; ibilbide luzeko trenen erdia, eskualdeen artekoen eta ibilbide motzekoen erdia baino gehiago ere geldirik daude. Paris Ingalaterrarekin eta Belgika, Herbehereak eta Alemaniarekin lotzen dituztenak erabat daude bertan behera. CGT sindikatuko arduradunek esan dutenez, datorren astean eskoletan udazkeneko oporrak izango dituzten arren, euren helburua grebari beste bultzada bat ematea da.
ERRETRETEN ERREFORMA
Erregai biltegi gehienak desblokeatu dituzte Frantzian, baina protesta gehiago iragarri dituzte
Brice Hortefeux Barne ministroaren hitzetan, gasolindegien %74 hornituta dago; langileek Marseillako airoportua blokatu dute gaur goizaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu