Londres eta New Yorkeko merkatuak urrun gelditzen dira, eta herritar arruntarentzat Saudi Arabian gertatzen denak ez luke zertan kezka berezirik eragin. Baina badago kezkarako arrazoirik, upeleko petrolioaren garestitzearen ondorio zuzena erregaiak garestitzea baita. Eta horri bai, horri zuzenean igartzen diote herritarrek. Eta, petrolioa ezagutu gabeko prezioetan dagoela, gasolina eta gasolioa ere inoiz baino garestiagoak dira Euskal Herriko zerbitzuguneetan.
Espainiako Industria Ministerioaren arabera, urteko lehen zortzi hilabeteetan berunik gabeko 95 gasolina 20 zentimo garestitu da EAEn, eta Nafarroan 22 zentimo. Superrarekin ere berdintsu gertatu da: EAEn 22 zentimo garestitu da, eta Nafarroan 23 zentimo. Ohi den bezala, gasolioaren prezioak gasolinaren azpitik jarraitzen du, baina, izan duen igoera, 19 zentimokoa, kontuan hartzekoa da. Urte hasieratik gasolina %25 inguru garestitu da Hegoaldean, eta gasolioa %20. Atzoko datuen arabera, erregaien prezioen batez bestekoak honakoak ziren Hego Euskal Herrian: berunik gabeko 95 gasolina 1,04 euroan salerosi zen litroa, superra 1,13 euroan, eta gasolioa 0,95 euroan. Ipar Euskal Herrian, beti bezala, garestiago daude erregaiak: berunik gabeko 95 gasolina litroak 1,3 euro balio zituen, 98 oktanokoak 1,32 euro, eta gasolioak 1,15 euro. Prezio horien atzean, hala ere, kontuan hartu behar da zergak ere badaudela. Esaterako, adituen arabera, petrolioa dolar bat garestitzen bada, Espainiako Ogasunak 70 milioi euro gehiago jasotzen ditu BEZaren eta erregaien gaineko zergetan.
Dirutza zergetan
Frantzian, hain zuzen, petrolioa garestitzearen ondorioz Estatuak bildutako aparteko diru sarrerarekin zer egin erabakitzeko ministroen bilerara deitu zuen atzo Dominique de Villepin lehen ministroak.
Diru sarrera gehigarri horiek hain zuzen erregaien garestitzeak «kalte gehien egindakoen artean» banatuko dituela hitzeman zuen Villepinek. Lehen ministroaren iritziz, banaketa hori «bidezkoagoa da» petrolio produktuen gaineko tasa mugitzea baino. 2002a baino lehenago, tasa horren gainean bazegoen mekanismo bat ezarrita: erregaien prezioek muga bat gainditzen bazuten, tasa jaitsi egiten zen. Mekanismo hori abian jartzeko eskaerari, ordea, uko egin dio Frantziako Gobernuak.Dena den, lehen ministroak ez zuen diru gehigarri hori noiz, nola eta nortzuen artean banatuko den zehaztu.
Hazkunde txikiagoa
Bestalde, 50 dolarren gaineko petrolio upelak munduko hazkunde ekonomikoa aurten %0,8 murritz dezakeela jakinarazi zuen atzo Nazioarteko Energia Agentziak. Erakundearen ustez, gainera, herrialde aberatsen eta txiroenen arteko aldea ere handitu egingo du petrolio garestiegiak.
PETROLIOA
Erregai guztiak daude inoiz baino garestiago euskal gasolindegietan
Erregaien garestitzeagatik jasotzen duen aparteko dirua «kaltetuenen artean» banatuko omen du Frantziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu