ERREGAIA. ERREGAIA

Larrialdietako erreserbak erabiltzea aztertzen ari da Bush, eta ekoizpena handitzea eztabaidatuko du LPEEk

Erredakzioa
2005eko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Katrina-ren urakan haizeak New Yorkera heldu dira jada. New Orleansen (Louisiana) lur hartu zuen atzo, baina New Yorkeko Nymex merkatuan ere utzi zituen aztarnak. Texas petrolio arinak, inoiz egin ez bezala, upeleko 70,8 dolarreko salneurria iritsi zuen. Hala ere, egunak aurrera egin ahala, 70 dolarren azpitik saldu zen upela.

Gutxienez sei petrolio konpainiak bertan behera utzi zituzten Mexikoko Golkoko plataformak joan den asteburuan, eta eskaintza eskasiak izua hedatu du. Besteak beste, Chevron Texaco, Royal Dutch eta Sell konpainietakolangileek ekoizten dituzte berton AEBetan kontsumitzen diren petrolioaren eta gasaren laurdena, egunean milioi bat upel, hain justu.Louisianako Petrolio Portuak ere bertan behera utzi zuen jarduera iragan igandean AEBetako petrolio inportazioen %11 bertatik sartzen dira herrialdean.Ekoizpenaren etenaldia baino larriagoak izan daitezke Katrina-k eragin dituen kalte materialak. Datozen asteotako salneurriak petrolio findegien eta tutuerien egoeraren araberakoak izango dira. Zenbat eta lasterrago azpiegiturak abian izan, orduan eta egonkorragoa izango da erregaiaren prezioa. Gasolinaren eta berogailuentzako gasolioaren prezioek ere inoizko prezioak iritsi zituzten atzo; 2,16 eta 2,0137 dolar galoiko. Brent upela 64,87 dolarrean zen herenegun (Londresko merkatua itxita zen atzo).George W. Bushen gobernua larrialdietako petrolio erreserbak baliatzea aztertzen ari da. 700 milioi upel inguru ditu Petrolioaren Erreserba Estrategikoak, eta Etxe Zuriko bozeramaileek aurreratu dutenez, soilik hornikuntza arazo larriak izanez gero erabiliko dituzte. Ivan urakanak eragindako kalteak arintzeko, 4,5 milioi upel eman zizkieten iaz Placid Refining, Shell, ConocoPhilips, Asra Oil eta Premoor findegiei. Hainbat iturriren arabera, laster hartuko dute erabakia.Zerua beltz izan arren, nahikoa egonkor jardun zen atzo Dow Jones-a. %0,36ko galerekin hasi zuen saioa, baina orduek aurrera egin ahala emaitzak hobetu egin ziren. Aseguru etxeen balioak, ordea, maldan behera jardun ziren, kalte-ordain handiak ordaindu beharko dituztelakoan. Eqecat arriskuak neurtzen dituen konpainiaren aburuz, New Orleansen 30.000 milioi dolarreko kalteak eragin ditu Katrina-k;1992ko Andrew urakanak baino handiagoak hortaz 20.800 milioi dolarrekoak eragin zituen Andrew-k.

LPEEk ekoizpena igotzea

Erregaiaren garestitzea moteltzeko ekoizpena handitzea proposatu du Ahmad al-Fahad al-Saba Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko presidenteak. Irailaren 19an bilduko dira erakundeko ordezkariak eta orduan kuota ofiziala nahiz benetako ekoizpena 500.000 upel handitzea proposatuko die. 28,4 milioi upel ekoizten ditu egunean LPEEk, beste bi milioi upel Irakek.

Upeleko 100 dolarren mamua hedatu zen atzo, eta LPEEko presidenteak azaldu zuenez, «eskaintzaz, eskariaz eta ekonomiako beste hainbat aldagaiez mintzatzen bagara, ez dut uste upelak 100 dolar iritsiko dituenik, eta ez lukete 70 dolarren bueltan izan behar. Arazo politikoei, psikologikoei eta findegiei erreparatuta, ordea, gerta liteke upelak 100 dolar iristea». Purvin & Gertz agentziak, berriz, «prezioak garestitzeko ekaitz perfektua» iritzi dio Katrina-ri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.