Lana erregulatzeko dosierra «lehenbailehen» aurkezteko langileen eskaera kontuan izan du Ramon Vizcainoko zuzendaritzak. Kontratuak hausteko eskaera «berehala» egingo dutela iragarri zuen atzo Agustin Bontigi zuzendariorde nagusiak. 400 langileek zazpi hilabete daramatzate soldatarik kobratu gabe, eta administrazioak dosierra onartzera, gutxienez langabezia saria jasotzen hasiko lirateke.
Bontigiren arabera, enpresako zuzendaritzak eta langileen ordezkariek «praktikoki akordioa iristea» lortu zuten herenegun. Orain dosierra atontzen ari direla adierazi zuen, eta berehala aurkeztuko dutela; baliteke gaur edo bihar izatea. Zuzendariorde nagusiak ez zuen azalpen gehiagorik eman nahi izan. Soilik argitu zuen euren nahia langileentzat irtenbiderik onena topatzea dela.
Hain zuzen, langile horietako askok agerraldi bat egin zuten atzo eguerdian, euren egoera salatzeko. Agerraldian, batzarrak adostutako idatzi bat irakurri zuen Belinda Aguado ELAko ordezkariak, eta azaldu zuen langileak«muturreko egoeran» daudela, zazpi hilabete daramatzatelako zentimorik kobratu gabe. AIAC inbertsio talde estatubatuarrak ihes egin zuenetik inongo babesik gabe daudela ere adierazi zuen Aguadok, enpresako zuzendaritzan sekulako zuloa dagoelako. Eusko Jaurlaritza eta Jesus Gomez Montoya akziodunei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari ardurarik gabe jokatzea leporatu zieten, gainera, langileek. «Pilota teilatu batetik bestera botatzen ari dira, eta inork ez du erantzukizunik hartzen». Horiek hala, lana erregulatzeko dosierra «premiazko bidetik» tramitatzeko eta langileekin duen zorra onartzeko eskatu zieten enpresaren arduradunei.
Era berean, herenegun zabaldutako zurrumurruei erantzun zieten langileek: «Zuzendaritzako hiru kide eta aholkulari bat atxiki genituela publikatu zuten hainbat hedabidek, baina eurek gauzkate langileok atxikita: lanera etortzera behartzen gaituzte eta ez dugu kobratzen».
Langileen esanetan, tristea da enpresak etorkizuna izan eta ixteko eskatu beharra. Baina aurrera egingo badute beste erremediorik ez dutela diote. «Eska dezatela erregulazio txostena eskatu behar dutenek, hau da, enpresa hau hiltzen utzi dutenek; eurak dira honen guztiaren erantzuleak eta azal dezatela enpresa horrela zergatik utzi duten».
Langileek hainbat batzar egin dituzte egunotan, enpresaren egoeraren nondik norakoen berri jasotzeko. Konpainiaren itxieran ahalik eta kalte txikiena izateko aukera guztiak aztertzen jardun dira. Atzo goizean, langileen ordezkariak sindikatuetako aholkulariekin bildu ziren. Erregulaziorako proposamena agerraldia egin eta gero helarazi zien zuzendaritzak.
Erregulazioa «berehala» aurkeztuko du Ramon Vizcainoko zuzendaritzak
Dosierra «premiazko bidetik» tramitatzeko eskatu dute langileek, langabezia saria lehenbailehen jasotzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu