Enpresetatik gero eta urrunago dago ekonomiaren susperraldia, eta gero eta nabariagoa da atzeraldiaren zama. Erregulazio eskaerak eta eragindako langileak %90 gehitu dira Hego Euskal Herrian, Jaurlaritzako eta Nafarroako gobernuko azken datu ofizialen arabera. Orotara, 2.359 dosier egin dira urteko lehen zortzi hilabeteetan, eta 34.929 langile eragin dituzte.
Joan den urteko emaitzekin alderatuta, egoerak okerrera egin du, nabarmen. Iaz abuztua arte 1.236 dosier jarri ziren martxan, eta 18.050 lagun eragin zituzten. Krisia hasi zenetik bigarren urterik txarrena izaten ari da 2012, dosier kopuruari dagokionez behintzat. Hori bai, oraindik ere 2009ko atzeraldi handiak behartu zuen egoerara iritsi gabe. Urte horretan antzeko dosier kopurua izan zen abuztua arte, baina eragindako langileak 65.000 baino gehiago izatera iritsi ziren, aurten baino 30.000 lagun gehiago.
Jaurlaritzak eta Nafarroako gobernuak ematen dituzten datuetan soilik bi administrazio horietan aurkeztu diren dosierrak hartzen dira kontuan. Enpresa batek lantegiak erkidego bat baino gehiagotan izanez gero, erregulazioaren komunikazioa eta tramitea Espainiako Lan Ministerioarekin egiten da.
Mariano Raxoiren gobernuak otsailean onartu zuen lan erreformaren ondotik, gainera, administrazioen baimena ez da beharrezkoa dosierra martxan jartzeko. Erabakiari buruz informazioa ematen zaie, baina ezin dute erregulazioa atzera bota. Erreformarekin, besteak beste, kaleratzeak murriztuko zirela eta lanaldi murrizketen bidez enpleguari eusteko aukera handituko zela argudiatu zuen PPko gobernuak.
Dosierren izaeran erreformaren ondoren izandako aldaketak ari dira nabaritzen. Lanaldi murrizketa jasotzen duten erregulazioak handitu dira, baina horiekin batera behin betiko kaleratzeak ere igo dira. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dosierrek eragindako langileetatik %14ri lan orduak murriztu zaizkio. Urte bat arinago %9 izan ziren, eta duela bi urte, %2 baino gutxiago.
Era berean, behin betiko kaleratze kopuruak ere gora egin du. Abuztua arte 2.467 lagun kaleratu dituzte EAEko enpresek dosierren bidez, Enplegu Sailak bildu eta Ikerbide datu baseak argitaratutako emaitzen arabera. Eragindako hamar langiletik bat dira. Joan den urtean %7,5 izan ziren, eta orain dela bi urte, %3,7. 2009 urteko atzeraldi handian ere kaleratutako langileen ehunekoa ez zen apartekoa izan (1.328 lagun, eragindakoen %2,6).
Enplegu Sailaren arabera, dosierren %90 akordio bidez jarri ziren martxan ekaina arte. Espainiako Lan Ministerioak antzeko datua eman zuen atzo. Hori bai, uztaila arte 1.964 dosier akordio gabe sartu ziren indarrean, aurreko urtean baino %92 gehiago.
Erregulazioak eta eragindako langileak %90 igo dira
Lanaldi murrizketa jasotzen duten dosierrak ugaritu egin dira, baina baita behin betiko kaleratzeak ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu