Hilabetez hilabeteko bilakaera ikusita, abuztutik izandako hilabeterik okerrena izan da urtarrila. Enplegua erregulatzeko 251 dosier tramitatu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 3.227 langileri eragin diete. Dena den, Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak nabarmendu du egoera hobetu egin dela urtebetean; izan ere, iazko urtarrilean 4.198 langileri eragin zieten dosierrek, %23 gehiagori alegia.
Urtarrileko 251 espedienteetatik 150 aldi baterakoak izan dira; 91 lanaldia murriztekoak; eta hamar, langileak kaleratzeko aurkeztutakoak. Azken horiek 139ri laguni eragin diete, abenduan baino %9 gehiagori, baina iaz baino %59 gutxiagori. Espediente gehienak, 197 hain zuzen, aurreko baten jarraipena izan dira. Hamarretik bederatzi kasutan langileen oniritziarekin aurkeztu dute enpresek.
Sektoreka, nekazaritzan eta eraikuntzan egonkor mantendu dira; industrian gutxitu; eta zerbitzuetan, zertxobait gehitu. Gaur egun, 1.261 espediente daude indarrean hiru herrialdeetan, eta 16.833 pertsonari eragiten diete. Horietako gehienak Arabako Lautadan, Bilbo Handian eta Donostia aldean daude.