Azaroan, 261 erregulazio eskaera aurkeztu dituzte Hego Euskal Herriko enpresek. Horietatik 247 onartu dituzte administrazioek; hiru atzera bota dituzte; eta beste 11 kasutan, eskatzailea bera izan da atzera egin duena. Ondorioz, beste 4.848 langile geratu dira erregulazioen eraginpean, urrian baino 800 gutxiago. Joera beheranzkoa dela baieztatzeko balio du datu horrek, erregulazioek erasandako langileen zenbatekoa gutxitu egin baita seigarren hilabetez jarraian. Abuztuko eta iraileko datuak ez dira adierazgarriak, udako hilabeteak direlako.
Azaroan onartu dituzten hamar erregulaziotatik bederatzi aldi baterakoak izan dira, nola kontratuak etetekoak hala lanaldia murriztekoak. Bestea, berriz, behin betikoa izan da, hots, langileak kaleratzekoa.
Gainera, hamar dosierretatik bederatzi langileek eta enpresek adostutakoak izan dira. Hain zuzen, azken hilabeteetan sindikatuek behin eta berriz eskatu izan diete administrazioei ez onartzeko langileekin adostu gabeko erregulazio eskaerarik.
Herrialdeka, azaroan, Bizkaiko enpresak izan dira enplegu erregulazio gehien abian jarri dituztenak, 92 hain justu; Gipuzkoan 75 izan dira; Nafarroan 21; eta Araban 12.
Urtea hasi zenetik, 2.997 erregulazio eskaera jaso dituzte Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak eta Nafarroako Lan Departamentuak. Horietatik 2.873 onartu dituzte, %96 alegia, egunean batez beste zortzi eta bederatzi artean; ezetza 49ri eman diete, %1,6ri; eta gainerakoetan, eskatzaileek eurek egin dute atzera. Hamaika hilabeteotan, 78.218 langile egon dira erregulazioren baten eraginpean.
EAEn, 40.000 kaltetu
Azarora arte, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 59.546 langileri eragin diete Eusko Jaurlaritzak onartutako 2.150 erregulaziok. Haatik, hilabeteak aurrera egin ahala, ia 600 dosier amaitu, eta ez dira berritu. Ondorioz, 11.316 behargin euren lantokietara itzuli dira.
Baina, denek ez dute zorte bera eduki. Izan ere, lehendabizikoa bukatu, eta egoerak gaizki jarraitzen zuela ikusita, badira bigarren erregulazio bati ekin behar izan dioten enpresak ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 39.966 langileri eragiten dieten 1.429 erregulazio daude indarrean orain. Horietatik 238 bigarren txandako espedienteak dira, eta 6.376 langileri eragiten diete.
Urtarriletik aºzarora lanpostuak desegiteko Eusko Jaurlaritzak onartutako 105 dosierretatik 15 ere, bigarren txandako espedienteak izan dira, kontratuak eteteko edo lanaldia murrizteko erregulazioak amaitu ondoren baimendutakoak. Dosier horiek 644 behargini eragin diete. Horrek esan nahi du, kalean geratu diren langileen %34k gutxienez bi erregulazio jasan dituztela. Nafarroako Lan Departamenduak ez du gisa horretako daturik kaleratzen.
Sektoreka, industria arloko enpresak dira hamar erregulazio eskaeratatik zazpi aurkeztu dituztenak; zerbitzu sektoreko enpresetatik etorri dira hamarretik bi; eta besteak eraikuntza eta nekazaritza sektoreetatik.
Eskariaren eta, ondorioz, ekoizpenaren jaitsiera izan dira orain arte baimendutako erregulazioen arrazoi nagusia. Hala argudiatu dute hamar eskatzailetik bederatzik baino gehiagok.